EH Bilduk Poliziaren presentzia salatu du eta herritarrak zoriondu ditu erakutsitako erantzukizunagatik
EH Bilduk iruindarrak zoriondu ditu uztailaren 6ko goizean erakutsitako erantzukizun eta gizalegeagatik; aldiz neurrigabeko polizia erakustaldia irundarrekiko konfidantza faltaren isla izan dela salatu du. Koalizioak erantzukizun hori “Ez Sanferminak” dirauten bitartean mantentzea eskatu du, nahiz eta eskuineko hirukoak mezu nahasiak bidali, ospakizun erlijiosoekin edo Ziudadelako kontzertuekin gertatu legez.
2020-ko uztailak 8
“Iruñeko herritarrak erantzukizunaren eta gizalegearen adibide izan dira eta jokabide eredugarria erakutsi dute uztailaren 6ko goizean”. Era horretan baloratu du koalizio subiranistak “Ez Sanferminen” hasieran hiriburuko kaleetan bizi izandako normaltasun-giroa, eta esan du normaltasun hori “oso bestelakoa dela poliziaren neurrigabeko erakustaldiarekin”. “Gure ustez erakustaldi horrek agerian utzi du erakundeek ez dutela konfiantzarik egoera honi aurre egiteko herritarren heldutasunari buruz”, adierazi du EH Bilduk.
Koalizio subiranistatik nabarmendu duenez, “Iruñeko herritarrek jakin dute gobernu-taldeak sortutako nahasmenaren oso gainetik egoten, nahasmen horrek eragin duen kontrol polizialerako neurrien oso gainetik alegia. Oro har, San Ferminak bertan behera utzi izanagatik historiara pasako den data honetan herritarrek emandako erantzun eredugarria bestelako inguruabar guztiei gailendu zaie.
EH Bilduk dei egin die iruindarrei eta Iruñera etorriko direnei “Ez Sanferminak” dirauten bitartean jarrera arduratsu bera izan dezaten eta uneoro errespeta ditzaten Osasunbideak Covid-a ez hedatzeko egindako gomendioak eta segurtasun-neurriak. “Zoritxarrez, ospakizun erlijiosoei edo Ziudadelako kontzertuen antolaketari buruz gobernu taldeak emandako mezu kontraesankorrek ez dute laguntzen bertan behera geratu diren jaiak behar bezala garatzen, baina, hala ere, ziur gaude herritarren erantzukizuna berriro ezarriko dela”, hausnartu du koalizioak.
EH Bilduk uste du “nahasmen kanpaina horren beste adibide bat” dela eguerdiko 12etan udaletxearen fatxadan zapi itxurako pankarta erraldoi bat zabaldu izana, txupinazo alternatibo moduko bat eginez. “Ekitaldi hori egiteko erabakia, beste behin ere, alkateak eta bere gobernu-taldeak hartu dute, alde bakartasunez, herritarren gehiengoa ordezkatzen duen oposizioarekiko mespretxuaren beste erakustaldi batean eta Udaleko ordezkaritza-organoetan hartutako erabakiak berariaz urratuz”.