EH Bilduk nazio auzia «agenda politikoaren erdian» jartzeko konpromisoa hartu du Bilbon egindako manifestazio jendetsu batean
Koalizioak manifestazioa egin du Bilbon, 'Nazioa gara' lelopean. Otegi: «Estatusari buruzko eztabaidaren abiapuntua da aitortzea Euskal Herria nazioa dela eta errespetatu behar dela».
2024-ko azaroak 23
Iturria: Berria.info
Manifestazioa egin du gaur EH Bilduk Bilboko kaleetan, oraingoan Nazioa gara goiburupean, eta amaierako ekitaldi politikoan, nazio auzia izan du hizpide koalizioko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik. Haren esanetan, estatus politikoaren inguruko eztabaida zabalik dago Euskal Herriko lurralde guztietan, eta konpromisoa hartu du EH Bilduk nazio auzia «agenda politikoaren erdian» jartzeko eta datorren urtean «urratsak» egiteko alor horretan.
«Estatusari buruzko eztabaidaren abiapuntua da aitortzea Euskal Herria nazioa dela eta errespetatu behar dela», esan du Otegik. «Hortik aurrera egingo dugu bidea». Haren iritziz, beharrezkoa da naziogintzaren arloan «jauzi bat» egitea, eta erantsi du EH Bildu horretan ahaleginduko dela datozen hilabeteetan.
Otegiren esanetan, munduan badaude «izaera unibertsala» duten borrokak, eta feminismoa, sozialismoa eta herrien aitortza aipatu ditu, besteak beste: «Ezker subiranistaren ekarpena da borroka horiek guztiak geure egitea, eta euskal begirada txertatzea, euskal nazioaren neurrira ekartzea. Ziur nago badagoela auzi unibertsal horiei aurre egiteko euskal molde bat».
Euskal Herria nazioa dela aldarrikatzea ez ezik, «ospatzea» ere bazen manifestazioaren zioa, Otegik esan duenez: «Azken urte honetan urratsak egin ditugu, eta horiek ospatzeko moduan gaude». Iruñean alkate abertzale bat egotea, eta euskal presoei ezarritako zigorren zenbaketaren auzian «salbuespenezko neurri bat desaktibatu» izana aipatu ditu, besteak beste: «Presoen senideen zama arintzea lortzen dugun bakoitzean, gure poza are handiagoa da».
Iruñeko Erorien Monumentuaren inguruan lortutako akordioa ere hizpide izan du Otegik: «Aurrerantzean, denek egunero ikusiko dute Maravillas Lambertoren begiak [haren izena izango du oroimen zentroak] Euskal Herri antifaxistaren begiak direla».
Autonomia kalea, beterik
17:30ean abiatu da manifestazioa Casillatik. Buruan, EH Bilduko Mahai Politikoko kideak paratu dira; Nazioa gara goiburua idatzita zeukan pankarta zabaldu dutenean, txaloka hartu dituzte alboetan zeuden manifestariek. Atzean, ERC, BNG, CUP, Compromis eta Mes Per Mallorca alderdietako kideek osatutako nazioarteko ordezkaritza zihoan, eta, ostean, jende multzo handi bat, ikurrinekin, Nafarroako ikurrekin eta Palestinako banderekin.
Manifestazioa abiatu denean, Independentzia oihukatzeari ekin diote manifestariek. Horixe izan da gehien errepikatu den leloa. Jo eta ke, irabazi arte; Euskal presoak etxera; Palestina askatu eta beste oihu batzuk ere egin dituzte manifestazioak iraun duen bitartean. Tarte batean, Ikusi mendizaleak abestia ere kantatu dute manifestariek.
Manifestazioaren buruak Autonomia kalean barrena aurrera egin ahala, espaloietan zeudenak batu dira manifestaziora. Zabalburu plazara iritsi baino apur bat lehenago, geldialdia egin dute, eta orduan ikusi da Autonomia kale osoa jendez beterik zegoela. Kale hori betetzea zen, hain zuzen ere, antolatzaileek beren buruari jotako erronka.
Irrintzi ozen batekin eta Argentinako euskal komunitateko kide batzuek bidalitako mezuaren grabazioarekin hasi da ekitaldi politikoa. Eta bukaera ezohikoa izan da: Otegik esan du Euskal Herriko historian abesti batzuk «ia ereserki» bilakatu direla, eta Kortaturen Sarri, Sarri kantuaren lehen ahapaldia bota du: «Ez dakit zer pasatzen den azken aldi honetan…». Berehala, kantuari segida eman diote manifestariek, eta bozgorailuetatik Kortaturen abestia entzun denean, dantzan hasi da Autonomia kale osoa, EH Bilduko Mahai Polikoaren kide batzuk barne.