EH Bilduk euskararen ordenantza berria egingo du Iruñean

Euskararen egoera “oxigenatzeko” Iruñean Euskaraz proiektua aurkeztu du koalizioak.

2015-ko apirilak 21

EH bilduk adierazi du “UPNk euskararen araudia urratuz euskararen kontrako politika aktiboa” garatu duela eta udal webgunea eta hiriko hizkuntza paisaia jarri ditu adibide adierazgarri moduan.

Hori dela eta, EH Bilduk “euskarari arnasa emateko helburua” duela azaldu eta Iruñean Euskaraz proiektua aurkeztu du. Horren bitartez, gaztelerarekin batera euskara hizkuntza ofiziala gisa berreskuratzea, euskararen ezagutza eta erabilera hiriko eremu guztietan bultzatuko dutela nabarmendu du koalizioak. Joseba Asiron alkategaiak nabarmendu du helburu nagusia hiritar guztiei osotasunean eta era normalizatuaz euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzea dela.

Horretarako Euskararen Normalizazio Linguistikorako Plan bat martxan jarriko dute, “Iruñean euskararen alde garatzen diren esfortzu guztiak antolatu eta koordinatzeko” helburuarekin.

Plan honek, besteak beste, euskararen ordenantza berria, auzoetan euskalgintza eta euskarazko ekimenak bultzatu eta egungo paisaia linguistikoaren eraldaketa progresiboa kontenplatzen ditu.

Azkenik, Asironek gehitu du euskararen ezagutza bultzatzeko aurrekontuetako partida handituko dutela ere.

Gehiago