Eguzki Irratiak denboraldi berri bati hasiera emanen dio gaurtik aurrera
Ohikoa denez, “Pasealeku” magazina astelehenetik ostiralera eskainiko du Eguzki Irratiak, eta horrez aparte, osotara eduki ezberdinetako 26 irratsaio izanen dira parrillan.
2021-ko urriak 4
Abenduan nafar dialean 39 urte beteko dituen Eguzki Irratiak denboraldi berriari hasiera emanen dio gaurtik aurrera programazio eskaintza zabal batekin.
Berritasun nagusia “Pasealeku” magazinaren hasiera ofiziala da (astelehenetik ostiralera goizeko 10etatik aurrera). Edukiei dagokienez, alde batetik, Iruñerriko, Nafarroako, estatu mailako zein nazioarteko gaurkotasuna eskainiko du; eta bestetik, entretenimendu mota guztietako atal kulturalak izanen ditu, baita dibulgaziozkoak ere, eta eduki sozio-politiko ezberdinak aztertuko dituen kolaborazio sorta berrien eskaintza zabala ekarriko du.
Gainerako programazioari dagokionez, astelehenetik ostiralera 8tatik 15etara eta 16etatik goizaldeko 1etara izanen da, eta asteburutan bi atal egonen dira 11etatik 14etara eta 18etatik 21etara. Osotara eduki ezberdinetako 26 irratsaio, musika estilo desberdinei buruzkoak barne, eta hauen artean euskararen presentzia garrantzitsua izanen da. Zehazki 13 irratsaio ekoizpen propioak dira eta gainontzekoak Arrosa sarekoak.