“Egon ez zaren lekuetara itzultzeko”

3º graduan dagoen preso baten eta bere ilobaren mendi bueltan girotutako laburmetraia aurkeztu du Hatortxurockek. Kalera irtetzen diren presoei harrera duina emateko beharra aldarrikatu nahi dute lan honekin.

2025-ko uztailak 21

Hatortxu Rocken 30. eta azken edizioa ate joka dugun honetan “Inoiz egon ez zaren lekuetara itzultzeko” laburmetraila aurkeztu dute. Uztailaren 24an hasiko da elkartasun jaialdia eta auzolanean oinarritutako 25 urtetako ibilbidea balorean jarri eta merezi bezala agurtzeaz gain, gaur egun euskal preso, errefuxiatu eta deportatu politikoek dituzten beharrak mahaigaineratu nahi izan dituzte. Dispertsioaren amaierarekin batera etxerako bidea hasita, gure artera itzultzen direnei harrera duin bat egitea eskatzen dute, egunerokoan aurrera egiteko baliabideak eta sarea bermatzea alegia.

Lehentasun hau adierazteko helburuarekin, hirugarren graduan egonda bere ilobarekin mendira doan presoa haragitu digu Iñake Irastorzak ikusentzunezkoan. Era berean, Karla Ruiz izan da preso duen izebarekin mendira doan gaztea, harrera behar horiei erantzuteko testuinguruan aurkitzen dena.

Irastorzak azaltzen duenez, egoera horretan dagoen presoa “gailur batean bezala, aurrean amildegi bat duela” imajinatzen du, bere “beldur, duda eta antsietatearekin”.  “Ahalegindu nahiz antsietate horri, beldur horri, noraez hori nola adierazi. Pentsatzen dut badakizula kalera ateratzen zarenean gizarte arrotz bat ere topatuko duzula, zu ere ez zarelako sartu zinean bezalako. Eta elkar ezagutza hori nolakoa izango ote den. Adibidez nire ilobarekin. Nire iloba ni barruan nengoela jaio zen eta lehenengo aldiak dira horrela gaudela. Nola finkatu ilusio berri horiek. Ez zait batere erraza iruditzen”.

Honek bultzatu zuen proposamena onartzera. Baita bi protagonistak emakumeak izateak ere. “Ez da ohikoa. Hor ere oraindik gabezia batzuk ditugu”, nabarmendu du.

Irastorzak “talde gazte batekin” lan egiteak sortu zion “ilusioa” ere azpimarratu du. “Elkarrengandik ikasteko. Pasa zenetik ikasteko. Eta helduok gazteen indarra ere xurgatzeko. Gizartea gero eta bakartiagoa da, baina bakarriz ez goaz inora”.

Literala baino iradokitzaileagoa den gidoi batean, denboraren presentzia nabarmena izango da laburmetrailaren bilakaeran. Hain zuzen, espetxera lotara itzuli behar izatearen ezinegonak eta presak, kalea zapaltzearen poztasunarekin nahastuko zaizkio protagonistari. Finean, bizi proiektu bat baldintzatu duen konpromezu politikoa eta bere ondorioak azaleratzen dituen errealitate pertsonal bat jasotzen ditu lan honek. 

Jon Sesma da laburmetrai honen atzean auzolanean ibili denetako bat. “Hatortxu Rock gauza erraldoi bat da eta guk, Komunikazio lan-taldetik eta honekin kontakizunari ale bat gehiago jarri nahi izan diogu. Bultzada bat”.

Jaialdiaren filosofiari jarraiki auzolanean eta borondatezko lanean oinarritu den prozesua izan dela azpimarratu dute HTXren antolatzaileek. “Eskerrak eman nahi dizkiegu proiektutxo hau aurrera ateratzeko lanean egon diren pertsona guztiei. Beharrezkoa deritzogulako herri honek bizi duen gatazka politikoak eragin dituen errealitate pertsonal eta kolektiboak kontatzea. Indibidualismoek indar hartzen duten garai hauetan Hatortxu Rockeko kideok badakigulako badirela norberarena ez diren zilborrak ere”. 

Gehiago