Egitarau oparoa antolatu dute Gazte Akelarrerako

Eskaintza kultural eta politiko zabala izango da aurtengo udaberriko ekimenean.

2017-ko apirilak 12

Bihar emango diote hasiera Gazte Akelarreari Aitzina eta Ernai gazte antolakundeetako kideek. Berezitasun bezala esan dute martxa eta topagunearen nahasketa bat izango dela, Zornotzatik Igorrera.

Larunbatean manifestazio nazionala egingo dute Igorren, eta apirilaren 16an Gernikako Aberri Egunera joateko gonbidapena luzatu dute, “azken dantza egitera”.

Burujabetzaren aldeko bidean “praktika burujabeen aldeko apustua” egin dute bi antolakundeek. Aurreko ekimenetan bezala, hiru puntutan jarri dute indarra aurtengoan ere: elikaduran, eskaintza kulturalean eta zaintzan. Berebiziko garrantzia eta pisua eman nahi diete hirurei. Bestalde, zero zabor filosofiarekin bat egin eta bildutako hondakin organiko guztiarekin konposta egingo dute.

Hitzaldiak, tailerrak, txapelketak eta kontzertuak

Gai hauek izango dituzte hizpide: herri boteretzea prozesu iraultzaileetan, herrien sostengarritasuna, MST-ko eskola nazionala, lan prekarioen aurkako borrokak, ekonomia feminista, errefuxiatuen afera, marxismoa, ezkerreko mugimenduetako erresistentziak, Sobietar Batasunaren urteurrena, preso politikoen borrokaldiak EPPK-n, gazte mugimenduak, gazteak eta independentzia…

Tailer praktikoak eta txapelketak ere izango dira: zurgintza, serigrafia, harrigintza, txalaparta eta pasta tailerrak, eta beste alde batetik, esku pilota eta eskalada txapelketak egongo dira. Aisialdirako tartea ere egongo da, noski; bakarlari desberdinak, elektrotxarangak, zumba, high line erakustaldiak, giza-futbolina, tirolina…

Musika eskaintza anitza izango da Igorren: Gatibu, Sociedad Alkoholika, Willis Drummond, Gatillazo, Anari, Huntza, Koban, Riot Propaganda, Mafalda, La Jodedera…

Hiru eguneko bonoak eta eguneko sarrera solteak igandera arte egongo dira salgai Euskal Herriko txoko desberdinetan. Informazio guztia, gazteakelarrea.info webgunean aurki daiteke.

Gehiago