Donibaneko jaietan Jesus Velasco Iruñeko alkate ohia omenduko dute

Ostegunetik igandera arte luzatuko dira ekitaldiak, ikuskizunak, dantzaldiak, erraldoiak, kontzertuak eta bestelako jaietako jarduerak Iruñeko auzo honetan.

2019-ko ekainak 18

Dagoeneko Donibaneko tabernatan jaiak iragartzen dituzten kartelak eta auzoko zapiak ikusten hasiak dira. Bai, Donibaneko jaiak datoz, eta beste behin adin guztiei zuzendutako 60 ekitaldi baino gehiagoz osatutako egitarau oparo batekin.

Urtero bezala, ostiral arratsaldean auzoko erraldoi eta maiordomoak izango dira kalejiran txupinazoara abiatuko diren lehenak. Aurten txupinazoa Jesus Velascori omenaldi xume bat izango da. Garai gogorretan zinegotzi izandako Donibaneko auzokidea aurten hil da eta bere familiarentzat izango da aurtengo jaietako txupinazoa botatzeko ohorea.

Iluntzean izango da musika zuzenean entzuteko aukera, auzoko tabernek plaza desberdinetan antolatutako emanaldiekin baita jai gunean izango diren kontzertuei esker.

Larunbata goizean auzoko txikienak izango dira lehendabizikoak esnatzen, Azuelo plazan beraiei zuzendutako triziklo laisterketa izango dute. Jarraian, erraldoiak abiatuko dira plaza horretatik. Eguerdian, Baguadako parkean, XXIV. Kalderete Txapelketa ospatuko da, eta bazkari herrikoi honen ostean Donibane Peñako txaranga baguada parketik abiatuko da kalejiran auzoko kaleak zeharkatuz. Larunbata iluntzerakoan ere izango da kontzertuetarako tartea.

Igande eguerdian erraldoiaz lagundutako bermuta herrikoia egongo da, erakustaldi desberdinak auzoko plazetan (Herri Kirolak, txapa tailerra…). Bazkal ostean txikiei zuzendutako ginkana eta Irrien Lagunen emanaldia egongo da ikusgai Baguada parkean, eta arratsaldean auzoko helduenek beraien tartea izango dute merienda eta dantzaldi batekin. Azkenik, jaiei bukaera emateko, asteburuko argazkiaz osatutako emanaldi bat egongo da ikusgai bizilagunentzat.

Ekitaldi hauetaz gain, asteburu osoan zehar dantza ikuskizunak, entzierroak, gaitari, txistulari, trikitilari eta beste hainbeste kalejira ikuskizun izango dira auzoko kaleetan. Bereziki, ostegunean auzoko gazteek Gazte Eguna ospatuko dute bazkari herrikoi batekin, arratsaldean Elektrozarataren laguntzaz auzoa alaitzen hasteko eta asteburuko lehendabiziko kontzertuak izango dira Baguada parkean.

Gehiago