Donibaneko Gazte Asanbladak 20. urteurrena ospatuko du apirilaren 26an
"20 urte auzoa astintzen" lemapean era guztietako ekimenak egingo dira datozen asteetan Donibanen.
2014-ko apirilak 11
Iruñeako Donibane auzoan sortu zen, orain dela 20 urte, DoGa (Donibaneko Gazte Asanblada). Auzoa "astindu" eta bizitza emateko nahian sortu zuten, problematika ezberdinak landuz eta hauei alternatiba emanez. Urteetan zehar ekimen edo borroka ezberdinak eraman dira aurrera, hala nola, intsumisoekin elkartasuna, Euskal Jai gaztetxearen erresistentzia, kontsumismoaren kontrako eta gaztetxeen aldeko kanpainak, auzoko ekimen kulturaletan parte hartzea, talde kultural ezberdinen sorrera (batukada, antzerki taldea)… 20 urte hauetan auzoko gazteei zuzendutako jaialdi edo ekimen esanguratsu ezberdin antolatu ditu asanbladak: gazte eguna, koadrilen eguna eta Iruñean fama hartu duen Gau Antimonarkikoa.
Aurten, 20. urteurren hau ospatzeko, egun berezi bat gehitu diote egutegiari: ”20 urte auzoa astintzen!” eguna. Tailerrak, kalejira, koadrilen bazkaria, kontzertuak… egitarau oparoa prestatu dute egun horretarako. Baina ez hori bakarrik, hilabete osoan zehar eta gaurtik hasita ekimen ezberdinak antolatu dira. Esate baterako, gaur osteguna auzo lokalean ospatuko den mahaingurua. Bertan Donibaneko Gazte Mugimenduari errepasoa egingo diote urte hauetan asanbladatik pasa diren auzokideekin eta bukatzeko kontzertua egongo da Ilargi tabernan, Herabe taldearen eskutik.