DESOBEDIENTZIAZ LIBRE. Mozal legea, disidentzia indargabetzeko tresna

2015-ko apirilak 7

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne Ministroak proposatutako Herritarren Segurtasunerako Lege berria erabat antidemokratikoa eta “ad hoc” mugimendu sozialen aurkakoa da. Barne Ministroaren arabera, lege horren bidez herritarren eskubide zibilak eta askatasun publikoak hobeki defendatuko dira eta pertsonen segurtasuna ere modu egokiagoan bete ahalko da. Gainera, legez kanpoko, indarkeriazko zein izaera bandalikoa duten ekintzak galaraziko dira.

Lege berri horrek asmo dituen helburu guztiak bete ahal izateko, hainbat neurri zehaztu ditu, besteak beste, hiru arau-hauste maila eta 45 jokamolde, guztiak zigorgarri direnak. Proposamenak xehe-xehe aztertuz gero, argi dago herri mugimenduek antolatutako eta protesta sozialetan egin ohi diren askotariko ekintzak direla guztiak, hala nola: komunikatu gabeko elkarretaratzeak eta manifestaldiak; instalazio publikoak, erakundeen egoitzak edota eraikin artistikoak okupatzea; horiek eskalatzea eta aldarrikapenetarako erabiltzea, eta sarrera zein irteera oztopatzea; herritarren segurtasuna arriskuan jartzea, escracheak, langile publikoak iraintzea (batez ere Indar Armatuak eta Estatuko Segurtasun Indarrak); eta, azkenik, ekitaldi publikoak eta ofizialak oztopatzea edo baldintzatzea, baita poliziaren jarduna grabatzea eta zabaltzea ere.

Labur esanda, disidentziarako eta desobedientzia zibilerako bide oro indargabetu nahi dute. Lege berriak adierazpen askatasuna zigortzen du, eta ustezko delituen interpretazioa eta sailkapena poliziaren esku uzten ditu guztiz.

Ondorioz, bistan denez, jendarte eredu are injustuago bat inposatzeko tresna berri bat besterik ez da. Bi hitzetan esan dezakegu: onartu berri den Legea oinarrizko eskubide zibil eta politikoen urraketa handituko du, eta poliziari are botere, eskumen eta zigorgabetasun handiagoa emango dizkio. Hau da, disidentzia ororen aurkako arma hedakor eta gogor bat da, betiere gure jarrera, borroka moldeak eta asmo dugun eredu sozialaren eraikuntza mugatzeko diseinatutakoa.

ESKUBIDE ZIBIL ETA POLITIKOEN ALDEKO MUGIMENDUA INDARTU

Lege berri honek azken urteotan bizi dugun oinarrizko eskubide zibil eta politikoen zapalketa handituko du, bereziki jendarteak protestarako duen eskubidea eta ezarritako eredu sozialen aurrean alternatiba bat eraikitzeko eskubidea. Horiei lotuta, berriz, beste hauek: biltzeko eta manifestatzeko eskubidea, adierazpen askatasunarena, tratu duina jasotzeko eskubidea, erabakitzeko eskubidea…

Izan ere, krisi sistemikoak eragindako borroka sozialen berpiztearen aurrean, boterearen erantzuna, pertsonen eta kolektiboen eskubideak betearaztea baino, bere “segurtasuna” bermatzea izan da. Giza eskubideen alde egingo duen legeria indartu ordez, horiek murrizten eta mugatzen dituen “politika prebentibo” bat sustatzen dute; Eta maiz, hori guztia, borroka antiterrorista deitutakoaren izenean egiten da.

Mendebalde osoko demokrazietan gertatzen dira eskubideen urraketak, bereziki irailaren 11ko gertaeretatik aurrera. Zer esanik ez Espainiako estatuan, krisi sistemiko osoari barne krisia gehitu behar baitzaio.

ELEAK MUGIMENDUAREN ETA LIBRE DINAMIKAREN UZTARKETA

Azken urteotan, makro-sumario politikoetan murgilduta dauden euskal herritar multzoez gain, geroz eta ohikoagoa da Espainiako Auzitegi Nazionalean euskal herritarrak topatzea grebalari izateagatik, presoen eskubideen alde aritzeagatik, ustelkeriaren kontrako salaketa egiteko prentsaurreko bat egiteagatik, manifestaldi baterako baimena eskatzeagatik edota AHTaren aurkako manifestaldi batean parte hartzeagatik, herri hedabide digital bat sortu eta herritarron eskura jartzeagatik, desobedientzia zibila egitera deitzeagatik, egunkari bateko iritzi artikulu batean hitzak neurtzen jakin ez izateagatik, ELEAK edo LIBRE dinamikatan parte hartzeagatik…

Kalea, protestarako espazio publiko hori desaktibatzeko ahalegin handia egiten ari dira. Kalea komunikaziorako, borrokarako, harremanetarako toki izateari utz diezaion nahi dute. Baina kalea izan da historikoki herritarrok instituzioen botereari muga jarri eta errealitate soziala aldatzen saiatzeko topagune. Eta hala izaten jarraitu behar du.

Horregatik guztiagatik, Euskal Herrian eskubide zibil eta politikoen aldeko herri mugimendua indartu beharra dago. Horretarako, eztabaida eta hausnarketa sustatu behar ditugu, zeren gure helburua lortzeko modu bakarra kalean ere modu kolektibo eta aktiboan borrokatzea eta lan egitea baita.

Guztion artean berreskatu behar ditugu gureak diren tresnak, hala nola, adierazpen askatasuna, manifestatzeko eta elkartzeko eskubidea… nork beren modura, nork bere erabilerarako.

Bide horretan, ELEAK Mugimenduak eta herriz herriko LIBRE dinamikan hala nahi izan dutelako buru-belarri dabiltzan auzipetu eta herritarrek eztabaidatzeari ekin genion duela zenbait aste, eta datorren apirilaren 11an, Donostian, Aske Gunearen II. urteurrenean egingo ditugun Topaketak 02 izenekoan amaituko dugu. Helburua eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimendua indartzea da, eta ELEAK mugimendua eta LIBRE dinamikak poliki-poliki uztartzea. Eskubideei eta eraldaketa sozialerako tresnei mugak jartzen ari diren une honetan, ezinbestekoa da guztion artean harresi herritarra sendotzea. Tinkoa eta malgua, beroa eta alaia, askotariko eraso horri aurre egiteko modukoa. Herritarren Segurtasunerako Lege berriak horretarako aukera zabaldu digu. Bidean elkartuko gara. Apirilaren 11an, denok Donostiara.

Gehiago