David Pla euskal presoari ikasketak burutzeko espetxeak ezarritako trabak salatu dituzte
EHUko ikasleak diren David Pla eta Julen Mendizabal euskal preso politikoei ikasteko material blokeatu eta ikasteko eskubidea bertan behera uzteko mehatxatu die Estatu frantziarraren administrazioak. Gaur Gasteizen bi preso hauek aurkitzen diren Osny espetxera apirilaren 6an eginen den elkartasun martxa aurkeztu dute.
2017-ko otsailak 15
Ikasle mugimenduko Presoen sostengurako talde ezberdinak bildu dira apirilaren 5 eta 6 bitartean ikasle presoei euren elkartasuna adierazteko Osny-ra egingo den kartzela-martxaren berri emateko.
Ikasle presoen arazoei erantzun bateratu bat eman beharrak eta hauen izaera politikoa plazaratu eta aldarrikatzeak ezinbesteko garrantzia duela uste dute, eta ondorioz mobilizazioak amankomunean antolatzea erabaki dute.
“Ikasle presoen egoerak negargarria izaten jarraitzen du gaur egun ere. Gogoratu beharra dugu, soilik frantziar estatuan dauden preso politikoek ikasi dezaketela UPVn, eta soilik gradu determinatu batzuk, espainiar estatuan ezinezkoa dutelarik UPVn ikastea. Azterketak egiteko zailtasun argiak, apunteak eskuratzeko ezintasuna, UPVren zein beste instituzioen pasibotasun garbia, ikasketa tasak osorik ordaindu beharraren kostu ekonomikoa, tutoretzak edukitzeko ezintasuna… hauek dira ikasle presoek euren ikasketak aurrera eramateko pairatu behar dituzten zailtasunak”, salatu dute. Espetxeko zuzendarien zein funtzionarioen partetik jasotako tratu txarrak eta askotan honek guztiak eragindako etsipena, agobioa eta min psikologikoa ere mahi gainean jarri dute.
Bestetik, “sistema kapitalistan, burgesiak edozein motatako tresnak erabili izan ditu mugimendu iraultzaileak isilarazten saiatzeko eta praktika politikoa deuszestatzeko” azpimarratu dute, eta ezinbestekotzat jo dute euskal preso guztiak “kalean izatea” eta etorkizunean errepresaliatu politiko gehiago egon ez daitezen “baldintzak sortzea”.
David Pla eta Julen Mendizabal ikasteko aukera gabe utzi dute
Julen Mendizabal eta David Pla euskal preso politikoei, ikasteko beharrezkoa duten materiala blokeatu diete, eta euren ikasteko eskubidea bertan-behera geratu daitekeelarekin mehatxatu dietela egin dute publiko gaur egindako agerraldian.
“Oso eraso larria iruditzen zaigu honako hau, ez baitute inolako azalpen garbirik eman debeku hau aurrera eramateko”, esan dute. “Dei egiten diogu UPVko Errektoretza taldeari, admnistrazio kontuetan mugitu dadin berehala, Frantziar estatuko administrazioarekin kontaktuan jarriz eta bere ikasleak direnen eskubideak defenda ditzan behingoz, lehenbailehen”, gehitu dute.
Apirilaren 5 eta 6an bitartean eginen den Osnyko espetxera martxan izena emateko, euskal hiriburuetako taberna eta fakultate ezberdinetan jarriko dira zerrendak. Bonolaguntza bereziak ere kaleratuko dira nahi duen orok bere aportazio ekonomikoa egin dezan.