Datorren larunbatean giza armarrian parte hartzeko deia egin du Nafarroako GEDek Oteitzan egindako herri galdeketan

Herri galdeketa egiten zen atzo Oteitzan. 725 pertsona zeuden bozkatzera deituak Euskal Herriaren etorkizun politikoaz hitza hartzeko, eta horietatik 135 joan ziren euren bozka ematera. Galdeketa eguna baliatu zuen Nafarroako Gure Esku Dagok maiatzaren 19ko giza-armarriaren mosaikoan parte hartzeko deia egiteko.

2018-ko maiatzak 14

Orain arte Nafarroan herri galdeketak egin dituzten 34 herrietako bizilagunak elkartu ziren atzo Oteitzan. Lizarraldeko herri honetan erabakitzeko eskubidearen ariketa praktikoa  egin zuten atzo. Osotara, 135 bizilagunek hartu zuten parte herri galdeketan. Gaur arte 33.642 herritar deitu dituzte bozkatzera Nafarroan, eta 9.834 lagunek  (% 28.95) parte hartu dute estatus politikoari buruzko galdeketan hauetan.

“Datuen atzean, borondate argi bat ageri zaigu: Nafarroan erabaki nahi dugu, eta herritarrei eragiten diguten auzi guztietan. Uste dugu borondate honekin Nafarroako herritar gehienok bat egiten dugula”, adierazi zuten eguerdian egindako agerraldian. Erabakitzeko eskubideak “nafarrok batzeko balio” duelakoan daude Gure Esku Dagon “azken batean, herritarren borondatea ardatz nagusia delako, guztiona eta berdintasunean”.

Gogoratu zutenez, Nafarroako Parlamentuak 19 lege ditu Auzitegi Konstituzionalean errekurrituta, horietatik batzuk oinarrizko eskubideak bermatzeko egindakoak. “Joera zentralista hauen aurrean, guk hemen edozertaz erabaki nahi dugula argi eta garbi adierazi nahi dugu, hobe erabakiko dugulako”, esan zuten. “Eskubide zibil eta politikoen kontrako erasoen testuinguru honetan, demokraziaren defentsa eta erabakitzeko eskubidea dira ipar-orratza”, gehitu zuten.

Nafarroaren estatus politikoa nafarrek erabakitzeko erronka posible izan dadin lanean ari dira GDE-ko lagunek, eta horren adierazlea datorren larunbatean eguerdiko 12etan Iruñeko Gaztelu Plazan eginen den “giza armarria” izanen da.

Giza armarria Nafarroako armarria irudikatuko duen mosaikoa izanen da, “Nafarroako etorkizuna nafarrok erabaki nahi dugulako” adierazteko.

Gehiago