Darocara eraman dute ehunka gaztek euskal presoen eskubideen aldeko konpromisoa
Ernaik antolaturiko martxak amaiera eman dio "11 konpromiso askatasunerantz" dinamikari.
2014-ko abenduak 31
Zaragozako Daroca espetxera (Aragoi, Espainia) egindako martxarekin eman diote amaiera ehunka gaztek hamaika eguneko elkartasun baraualdiari. Goizean goiz atera dira zortzi autobus Euskal Herritik, eta ehunka kilometro egin ostean, eguerdian heldu dira kartzelara.
Autobusetatik jaitsi orduko elkartasun doinuek hartu dute Darocako espetxe ingurua; kontzertu txiki bat eskaini dute elkartasun mezua bertan preso dauden euskaldunei helarazi asmoz. Jarraian, Aitor Anda Ernaiko kideak hartu du hitza, eta adierazi du bertan bildu direla harro daudelako euskal preso politikoen borrokaz. Gaineratu du gatazkaren konponbidean preso eta iheslariek zehaztu duten bide orria betetzeko ezinbestekoa izango dela herritarren konpromisoa, eta horretan jarraituko dutela beraiek ere: gutunak idazten, etxeko balkoietan banderolak jartzen, senideak bisitetara laguntzen, mobilizatzen etab.
Diskurtsoaren ostean, espetxea inguratu dute. Suziriak bota eta oihuka aritu dira, elkartasun mezuak ziegetara iritsi zitezen.