COVID-19ri aurre egiteko egoera zaurgarrietan dauden presoen askatasuna eskatu du Etxeratek

Espetxetik ateratzeak eta COVID-19ari aurre egiteko neurriak humanizatzea lehenetsi behar direla dio Etxeratek olatu berri honetan.

2021-ko abuztuak 4

COVID-19k gora egin du, eta horrek presoei ere eragiten die. Osasun
arazoaren aurrean Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak (EEIN)
ezartzen duen kudeaketak presoen eta haien senideen eskubideei eragiten
die berriz ere, eta areagotu egiten du duela urte eta erdi hasi zenetik
pairatzen ari garen egoera jasanezina.

Gure senide presoak gaur egun dauden espetxe gehienetan komunikazio
intimoak, bisean bis familiarrak zein bizikidetzakoak alegia, bertan
behera utzi dituzte. Horrek, berriz ere, egoera jasanezin batera
garamatza, zigor gehigarri batera, bai gure senide presoentzat, zein
guretzat.

Baina jasotzen dugun zama ez da gaurko kontu bat, izan ere, pandemiaren
agerpenaren osteko kudeaketak inkomunikazio neurriak ekarri zituen
presoen eta senideen artean, eta, ondoren, 2021eko otsaileko lehen
gorakadarekin, EEIN-k berriro blindatu zituen espetxeak, komunikazioak
bertan behera utziz eta, horrela, presoei geratzen zitzaien kontaktu
fisiko bakarra ezabatuz. Giza eskubideen aldeko eta presoen aldeko
Estatu mailako elkarteekin batera, pertsona presoen askatasunaren alde
neurriak hartzea defendatu izan dugu, baita beste osasun-neurri
eraginkor batzuk ere, kalean ezarritako prebentzio-neurrien antzera,
espetxeetan aplikatzea barne, bisean bis familiarrak eta bizikidetzakoak
bermatu ahal izateko eta zuzeneko kontaktua egingarri egiteko.

Adin txikikoez ari gara, espetxean giltzapean dauden gurasoekiko lotura
ezarri ezinik denbora luzez egoten diren adingabeez; urte luzeetako
zigorraren ondoren lehen aldiz baliatu behar zituzten euskal preso
politikoentzako irteera-baimen geldituez ari gara baita ere, eta, oro
har, komunikazioak eten zaizkien senide eta presoez, hau da, presoen
eskubideen aurkako eraso zuzen eta bortitzaz.

Etxerat-etik berriro eskatzen dugu gaixotasun larriak dituzten presoak,
65 urtetik gorakoak eta, euskal presoen kasuan, zigorraren hiru
laurdenak bete dituzten guztiak espetxetik atera daitezela, eta
azpimarratzen dugu, berriro ere, neurri humanoagoak aplika daitezela
COVID-19ri aurre egiteko, espetxean ere bai, eta komunikazioak
berreskuratu daitezela.

Gehiago