Cortes-eko dantzarien urratsen atzetik

2015-ko abuztuak 12

1979. urtean dantzatu zuten 8 emakumek lehenbiziko aldiz ordurarte nagusiki gizonen esku egon izan zen Cortes-eko Paloteado famatua. Kasik 40 urte pasa dira ordutik eta hala ere, gaur egun ere puri-purian egoten jarraitzen du dantza tradizionaletan gizon eta emakumeek izan beharreko partaidetzari buruzko debateak.

Azken urte, hilabete eta asteotan emakumezkoak berdintasunean dantzatzen hasi dira Baztango mutil-dantzetan, Berako bordon-dantza, makil-dantza eta soka-dantzan eta Leitzako ezpata-dantzan, besteak beste. Tamalez, kasu hauetako zenbaitzuetan ez da kalapitarik falta izan.

Zorionez, tradizioak berekin dakarren motxila -zenbaitetan pisutsu- horren zamarik ez du sorkuntzak eta askatasun handiagoz jokatzea ahalbidetzen du. Hartara, azkenaldian abiatutako zenbait dantza-tradizio berri edo berrituen funtsean dago genero parekidetasuna: Fustiñana edo Cabanillas-eko Paloteadoetan edo Iruñeko San Fermin Aldapakoaren ezpata-dantzan kasu.

Tradizioa prozesu bizia da eta etengabeko eraldaketa da bere ezaugarri nagusietako bat. Dantzariak gizartearen parte garen heinean, berarekin batera eboluzionatuz goaz. Gizartearen gainontzeko alorretan emakumeek merezitako tokia hartzen ari diren modu beretsuan ari dira dantza-plaza ere betetzen. Eta segiko dute. Izan ere, pirinioez alde honetarako Nafarroako hainbat herrietan eztabaida piztua da eta heldu diren urteetan horren fruituak ikusiko ditugu.

Hala ere, oraindik asko dago egiteko dantzariak dantzari kontsidera ditzagun, gizon edo emakume diren erreparatu gabe. Tokian-tokiko dantza tradizio horietan, baina baita hirietako dantza taldeotan ere.

Cortes-eko 8 dantzari haien urratsen atzetik, ari garela, ari garela…

Gehiago