“Castells legeei desobedientzia”, Euskal Herriko eta Herrialde Katalanetako ikasleen deia

Ernaik eta Kataluniako SEPC ikasle sindikatuak bat egin dute Unibertsitate lege berrien aurka. Elkarbizitza legea eta LOSU legea delakoak dira Manuel Castells hezkuntza ministroak eskuartean dituenak une honetan, eta ikasleen iritzian "unibertsitatearen elitizazio eta pribatizazioan" sakontzen dute, eta "geure hizkuntzetan ikasteko zailtasunen handitzean eta ikasleria antolatuaren zigortzean oinarri duten legeak direla" uste dute. Horregatik, ikasleria mobilizatzen eta antolatzen hasi dira.

2021-ko abenduak 15

Bi krisi bizitzetik gatoz gazteak. Europako kapital handiaren eskutik emandako murrizketa eta finantzazio murrizketetatik. Gure eskubidea den hezkuntza merkantilizazio prozesuetan murgiltzetik gatoz, eta berau jasaten dugu. Orain, Castells legearekin, unibertsitateetako lege berriarekin, ahoak betetzen dituzte PSOE eta Unidas Podemosen Espainiako gobernuak, unibertsitate-sistema modernizatuko dutela esanez. Ahoa betetzen dute Unibertsitateko Elkarbizitza Legearekin, faxismoaren herentziaz arautzen den unibertsitatearekin amaituko dutela esanez. Ahoa betetzen dute eskubide eta demokraziaz.

Baina errealitatea oso bestelakoa da. Unibertsitate Ministerioak, Manuel Castells buru duelarik, adostasun-lege bat aurkeztu digu unibertsitateko hezkuntza komunitatearekin adostu gabe. Lege aurrerakoia, gure hezkuntzaren merkantilizazio-prozesua zorrozten eta sustatzen duena enpresa pribatuei unibertsitateen ateak irekiz, lan-merkatuaren beharretara egokitu ahal dezaten, hau da, haien nahietara egokitu dezaten.

Honekin batera Unibertsitateetako Elkarbizitza Legea aurkezten da, ustez demokrazia ikasgeletara eramango duena, dekretu frankista bat indargabetuz. Eta hori manifestaziorako, elkartzeko, adierazpen-askatasunerako eta grebarako eskubideak gogor zigortuz eta zapalduz egingo du. Ikasleen mugimendua deseginez egingo du, Castells Legearekin eta etorriko diren erasoaldi guztiekin jarraitzen duen merkantilizazioari joko zelai erosoa bermatuz.

Ondo baitakite, gure hezkuntza merkantzia bilakatzeko ahalegin bakoitzaren aurrean, gure hizkuntza eta kultura akabatzeko ahalegin bakoitzean eta gu eskulan merke bihurtzeko ahaleginen aurka borroka egingo dugula ikasleok. Frankismoaren oinordeko den espainiar estatuaren inposaketa eta errepresioa borrokatuko dugu ikasleok. Ez dute unibertsitate baketsurik nahi, hilda nahi dute. Izpiritu kritikoz hila, kontzientzia politikoz hila.

Baina inoiz ez diegu utziko nahi duten elkarbizitza izaten, gure kultura eta hizkuntza mespretxatzen eta ezabatzen diren bitartean. Unibertsitateek esklabo egiten, itotzen eta hiltzen gaituen sistema patriarkala erreproduzitzen duten bitartean. Gure hezkuntza, langile klaseko ikasleen eskubide izan beharrean, kapitalismo basatienaren zerbitzura dagoen merkantzia soila izaten jarraitzen duen bitartean.

Hezkuntza askatzailean sinesten dugulako, mundua ulertzeko eta eraldatzeko aukera emango digun izpiritu kritikoa garatzera bultzatuko gaituena. Hezkuntza erabat antipatriarkala eta feminista. Gure hizkuntza, gure kultura defendatuko duen eta gizarte-kohesiorako tresna bihurtuko den hezkuntza. Etorkizuneko gizartea eraikitzeko balioko digun hezkuntza, ez beraiek nahi duten bezala, baizik eta guk nahi dugun bezala.

Estatu espainiarreko herri zapalduetako ikasleok aurre egingo diogu Unibertsitateko Elkarbizitza Legearen makinaria zapaltzaileari. Gure hezkuntza merkantzia bihurtzen duen kapital handiari aurre egingo diogu. Ikasleok espainiar estatu ustelaren eta bere inposizioen aurrean egongo gara. Ikasleok Castells Legea geldiaraztera goaz eta Elkarbizitza Legea desobeditzera goaz!

Gehiago