Burlatako Gaztetxeak manifestazio bat eginen du nahiz eta Udaletxeak desalojoaren aukera baztertu eta negoziatzeko prest agertu den

Manifestazioa martxoaren 29rako deitu dute desalojoa eta "Udalaren borondate eza" salatzeko.

2025-ko martxoak 19

Astelehenean Gaztetxeko bi kide Udaletxean kateatu ziren Gaztetxearen desalojo arriskuaz ohartarazteko eta EH Bilduk zuzentzen duen Udalaren “borondate eza” salatzeko. Kateatu ziren bi gazte horiek gaua pasa zuten bertan, Udalak uko egin ziolako Polizia deitzeari, eta gazteek suhiltzaileen laguntza onartu ez zutelako. Egoeraren tentsioa igo zen hainbat gaztek errepide mozketak egin zituztenean, eta are geihago Espainiako Poliziak horien aurka oldartu zenean.

Asteartean eguerdian, suhiltzaileen laguntzarekin, gazteak jeitsi ziren eta protesta amaitutzat jo zuten.

Gaztetxetik insistitzen dute desalojo arriskua dagoela “Udalak Nogalera 2025 proiektua aurkeztu zuenetik”, eta are gehiago martxoaren 15tik Udalak lokala hustu eta giltzak entregatzea eskatu dielako. “Hala ere, alternatibarik gabe gaudenez, ez dugu gaztetxea utzi. Udalak dio ez duela desalojorik egingo baina egoera argia da: gure exigentziak onartzen dituzte edo desalojoan ikusiko dugu elkar”.

Gaztetxeko kideen eta Udal Gobernuaren arteko bilerak ugari izan dira azken hilabetetan. Udalak eskeini dien hitzarmenean lokal bat eta biltegi bat eskaini zaie, eta bestelako jarduerak egiteko udal instalazioak erabiltzeko aukera ere ematen zaie. Baina gazteentzat hau ez da nahikoa. “Eskaintzen diguten espazioak ez ditu proiektuak aurrera egin dezan baldintzak betetzen”, azaltzen dute. Gainera, eskatzen zaie udal ordenantza bat onartzea, eta honek “propagandarako eskubidea ukatzen” duela salatu dute. Desadostasunerako beste puntu bat txoznagunea da. Gaur egun, Burlatako jaietan txoznak jartzen dira, baina Gaztetxekoek duela urte pare bat euren txoznagune propioa jartzea erabaki zuten, Gaztetxean bertan, eta orain espazio propio bat nahi dute, baina jada ezin da orain arteko lekuan mantendu Nogalera 2025 proiektua dela eta.

Gaztetxekoek defendatzen dute autogestioaren proiektuaren biziraupena jokoan dagoela. “Eta hori da gaur defendatzen jarraitzen duguna. Udal gobernua osatzen dute EH Bildu, Geroa Bai eta Elkarrekin-Zurekin alderdi politikoek Gaztetxearen proiektua desagerrarazteko hautu argia egin dute, negoziatzen saiatzen ibili garen hilabete luze hauetan gure proposamenei muzin egin dietelako”, diote. Udaletik, aldiz, negoziaziorako ahalegin guztiak egin dituztela ziurtatzen dute, eta akordiotik oso gertu egon direla, eta ez dute ulertzen astelehenean gazte bi kateatu izana. Gazteek, beste era batean ikusten dute Udalak Polizia deitu ez izana gazteak atxilotuak izateko. “Udaletxeak nahiago izan du bi gazteak gaua bertan kateatuta hotza pasatzen utzi, Burlatako kaleetan kargak eta gazteak polizia jipoituta ikusi, gaztetxeari konponbide bat ematea baino”.

Udalak gogoratu du Gaztetxearen proiektua bermatuko luken hitzarmen bat erdiesteko Udalbatzaren 11 boto behar direla, eta beti egon direla negoziaziorako prest . “Orain arte, 9 bilera formal egin dira eta harreman gehiago izan dira beste bide batzuetatik 13 hilabetean, eta hitzarmenerako bost proposamen eta kontraproposamen daude mahai gainean. Udalak beraiek proposatzen duten hitzarmena sinatu behar duela aipatzen dute. Baina erabilera lagatzeko hitzarmen batek osoko bilkuratik igaro behar du eta gutxienez aldeko 11 boto izan behar ditu”, zehaztu dute.

Gehiago