Buñuelen izandako azken lan istripu hilgarria salatzeko kalera ateratzeko deia egin dute sindikatuek

34 urteko langilea hil da makina batek harrapatuta Buñuelen, Nafarroan. Iaz Nafarroak zifra errekorrak utzi zituen lan istriputan 26 hildakorekin, eta aurten 11 dira dagoeneko hildako langileak. Sindikatuek elkarretaratzeak antolatu dituzte Tuteran.

2025-ko martxoak 18

Bart gaueko 23:00tan izan zen harrapaketa hilgarria “araudia betetzen ez duen makina baten eraginda”, LABek salatu duenez. Liverco enpresan izan zen istripua, ELAk zehaztu duenez. Sindikatuek bere doluminak eta elkartasuna adierazi dizkie hildako langilearen senide, lagun eta gertukoei.

“Etengabea da hildako langileen zerrenda, behin eta berriz errepikatzen dira enpresen aldetik arau
hausteak lan osasunean. 1997tik langile bati eskuragarri ipintzen zaion edozein makinak segurtasun
bermeak eskeini behar ditu honelako istripuak saihesteko”, gogoratu du LABek. Eta azpimarratu du makinei segurtasunerako azterketa tekniko bat egingo balitzaie “askok ez lukete pasako”, baina azterketak ez direla egiten salatu du sindikatuak, eta honek “enpresen inpunitatea” bermatzen du.

“Honela Nafarroako Gobernuak aurkeztu duen Enplegu Plan berriak horixe egiten du, ehunka mila
euro estatuko sindikatu eta patronalaren artean banatu. Nola ez, planak ez du neurri bakar bat ere
aurreikusten enpresei araudia betearazteko. Dena aholkularitza eta kanpaina propagandistikoetara
mugatzen da”, salatu du LABek.

ELAk, bere aldetik, gogoratu du 2025ean astero pertsona bat hiltzen dela bere lanpostuan edo lanera bidean, eta hiru biktimatik bat harrapaketen edo altuerako erorikoen ondorioz gertatzen dela. “Enpresek segurtasun-neurriak hartu izan balituzte saihestu ahal izango zirenak”, dio ELAk.

Gogoratu du Nafarroak estatuko lan-heriotz tasarik altuena duela “eta hori enpresaburuen zigorgabetasunaren eta erakunde publikoen konplizitatearen ondorio” dela. “Datu ofizialek berresten dute prebentzioa ez dela egiten edo paperean gelditzen dela, eta bien bitartean patronalak absentismoari buruzko diskurtso faltsua elikatzen jarraitzen du eta Nafarroako Gobernuak uko egiten dio ez-betetzeak kontrolatzeko neurriak ezartzeari”.

ELAk ere salatu du Nafarroako Gobernuak CEN patronalarekin eta UGT eta CCOO sindikatuekin adostu duen Enplegu Plan berria. “Erakunde horien jarduera finantzatzeko miloika euro esleituz gaixotasun arrunten bajen kontrola mutuen esku uztearen truke, neurri horiek azken hamarkadako ezbehar-tasaren gorakadari aurre egiteko guztiz ez-eraginkorrak direla jakina den arren. Guztiz onartezina da”.


Azken istripu hau salatzeko ELAk elkarretaratzea egingo du ostegunean, 11:30ean, Tuterako
Plaza Berrian, eta LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde eta HIRU sindikatuek egun berean baina Tuterako Foruen plazan arratsaldeko 18:00etan.

Gehiago