Bullying eta gorroto diskurtsoen aurkako mobilizazioa egin du Ikasle Sindikatuak
2025-ko urriak 28
Sandra Peña Sevillako 14 urteko ikasleak bere buruaz beste egin zuen pasa den urriaren 14ean Irlandesas de Loreto itunpeko ikastetxean sufritzen zuen jazarpenetik ihes egiteko.
Zentroko arduradunek ezagutzen zuten gertatzen zena, baina hainbat elkarteek salatu dutenez, ez zuten ezer egin egoera iraultzeko eta dauden protokoloak ez ziren aktibatu.
Ikasle Sindikatutik elkartasuna eta babesa adierazi nahi izan diote bere familiari gaurko mobilizazio egunarekin, eta bide batez, neurriak hartzeko eskaria luzatu dute. “Argi utzi nahi dugu bere buruaz beste egin izana ekidin zitekeela. Berak, Sevillako eta Estatu osoko milaka ikaslek bezala, eskola-jazarpena pairatu zuen, egunez egun inguruan dugun gaitz beldurgarria. Asko gara gure estetika, pisu, hitz egiteko era, azalaren kolore edo orientazio eta identitate sexualagatik bullying-aren biktima izan garenak, edo hala izan diren ikaskideak ezagutzen ditugunak. Libre izaten uzten ez digun zapalkuntza, klasera joate hutsa jasanezin bihurtzen duena, normaltasunez erlazionatzea eta, askotan, bizitza asko suntsitzen bukatzen duena”.
Komunikabideak kritikatu dituzte egun hauetan erabilitako sensazionalismoagatik, eta gertatzen denaren “arduradun oso zehatzak” daudela azpimarratu dute. “Lehenik eta behin, ikastetxeko zuzendaritza. Nola da posible Sandraren gurasoek alabaren egoera salatu ondoren neurri zorrotzik ez hartu izana?”, galdetu dute. “Ikastetxearen “izen ona” eta negozioa babesteko beste ezeren gainetik” egon dela salatu dute.
Ikastetxe hori Mary Ward Hezkuntza Fundazioaren esku dago, hau da, Eliza Katolikoaren esku, eta milioika euro jasotzen ditu urtero Andaluziako Juntaren dirulaguntzetan. “Eta beren irudia ez zikintzeko eta finantziazio publikoa galtzera ez arriskatzeko, laguntza eskaera guztiak ezkutatu zituzten”, baieztatu dute. Horregatik, Alderdi Popularra eta “gure hezkuntza publikoa desegiten ari direnak” errudunak jo diztuzte.
“Bullyingari aurre egitea ezin da gure irakasleen borondate onaren mende egon, gehienak ikasgeletako masifikazioaren ondorioz kolapsatuta baitaude; aitzitik, ikastetxe guztietan orientatzaileak, psikologoak eta bitartekariak kontratatu behar dira”, eskatu dute. Osasun mentalari behar duen arreta emateko ere eskatu dute.
“Ez dago dirurik irakaskuntza publikorako, murrizketengatik hondoratzen dena, ez dago dirurik ikastetxeetan suizidioak prebenitzeko plan bat abian jartzeko eta gure osasun mentala babesteko, baina bai armetan egindako gastua modu basatian handitzeko, zerbitzu publikoak pribatizatzeko eta osasunaren eta hezkuntzaren negozio pribatu guztiak diruz laguntzeko”, salatu dute.
