“Bulkada berrien garaia da” dinamika aurkeztu dute, Jarrai gazte erakundearen jaiotza gogoratzeko

Ernaik eta Aitzinak bultzatuta abiatu dute 'Bulkada berrien garaia da' gazte dinamika. Hiru egitasmo nagusi eremango dituzte aurrera: herriz herriko dinamikak, gazte antolakuntzaren memoria bilduko duen liburua eta Gazte Topagunea. Borrokara batzeko deia egin diote euskal gazteriari.

2018-ko uztailak 2

«Inoiz baino biziago gaude». Hala adierazi dute, Bilbon, Ernai eta Aitzina gazte erakundeetako kideek, «Euskal Herri aske, sozialista eta feminista eraikitzeko bidean bulkada berriekin abiatzeko testuinguruan» daudela. Datorren urtean 40 urte beteko dira Jarrai ezker abertzaleko lehen gazte erakundea sortu zenetik, eta urteurren horren harira hainbat ekinbide jarriko dute martxan: «40 urte luze hauetan ibilitako militante guztiona izatea nahi dugu». Baina urteurrena, ospakizunetarako baino gehiago, «dinamika lau haizeetara zabaltzeko» baliatu nahi dute. «Herriz herri, sortzen diren egitasmo ezberdinetan parte hartzeko gonbidapena egin nahi dugu».

Begirada etorkizunean jarrita, «belaunaldi ezberdinen arteko zubiak eraiki eta indartu» nahi dute, gazte belaunaldi berriei «antolakuntza eta borrokarako espazio berriak irekitzeko». Horretaz gain, 40 urteko kontakizuna bilduko duen liburu bat ere idazten ari dira, «urte hauetan protagonista izan direnen memoria osatzeko».

Datorren apirilerako Gazte Topagune «erraldoi» bat antolatzen hasita daude Ernai eta Aitzinako kideak. Urteurrena indartzeko baliatu nahi dute, «herri honekiko konpromisoa hartu duen belaunaldi berria» direlako. Bulkada berrien beharra ikusten dute, eta «indartsu eta irudimentsu» ekiteko garaia dela diote.

Gehiago