BSHko langileek Foru Gobernuari konfiantzazko boto bat eman diote

Madrilen bilera egiten ari diren bitartean Alemaniako BSHko zuzendaritzako kideek, Nafarroako Gobernuaren eta Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak Eskirozko lantokiaren parean langileek elkarretaratzea egin dute:"Bizitzen ari garen ezjakintasun egoerari argia ematea eskatzen ari gara", adierazi du Sergio Ayucar LAB sindikatuko ordezkari eta langileak.

2025-ko urtarrilak 10

Iturria: Euskalerria Irratia – Ahotsa.info

Zeharka begirada Madrilen zutela elkarretaratzea egin dute Eskirozko BSH lantokiko langileek. Argitasuna iritsi dadila handik, horixe da espero dutena: “Itxierari alternatiba bat ematea, industrialiazio plan baten bitartez, adibidez”, adierazi du BSHko langile batzordeko LAB sindikatuko kide Sergio Ayucarrek.

Espektatiba asko dago langileen artean. Ezjakintasunetik zertxobait urrunduko den erantzunen bat nahi dute. Lan batzordeko kiderik ez da joan Madrilgo bilerara, konfiantza osoa jarri dute Nafarroako Gobernuaren ordezkariengan (Maria Txibite lehendakaria, Mikel Irujo Industria kontseilaria eta Carmen Maeztu Eskubide Sozialetarako kontseilaria izan dira). Alemaniako zuzendaritzak itxieraren arrazoiak zeintzuk diren azaltzea espero dute Eskirozko langileek. “Egoera honetan etsipena ari da nagusitzen. Badakigu BSH isteko arrazoi ekonomikorik ez dagoela, planta bideragarria delako”, nabarmendu du.

10:00etan batzarra izanen dute bihar Eskirozko langileen ordezkariek Nafarroako Gobernuarekin. “Gaur Madrilen izandako bileran hitz egindakoa xehetasun guztiekin ezagutu nahi dugu”, esan du. Gaurko bilera horretan adostutakoak ezagututa erabakiak hartuko dituzte aurrera begira Eskirozko langileek. Bien bitartean, lanean segitzen dute: “Ez gara lanean normaltasunez ari urtea salbuespenezkoa delako guztiz”, argitu du. Ezjakintasunak sortua, animoak goian mantentzea kosta egiten zaiela onartu dute langileek, baina badakite luze jo dezakeela egoerak: “Karga emozional handia sumatzen ari gara. Ez dugu estrategiarik epe luzera eginen, edozein momentutan alda daitezkeelako gauzak”, esan du.

Gehiago