Brigada Moreak izanen dira Elizondoko bestetan eraso sexistak ekiditzeko
2024-ko uztailak 22
Gerta daitezkeen indarkeria sexista edota sexualen kasuak saihestea eta horiei arreta zuzena ematea izanen du helburu Iñarrosi Gazte Feministen Taldearen ekimen honek.
Iturria: Erran.eus
Iñarrosi Gazte Feministen Taldeak Brigada Morea antolatuko du hirugarren urtez Elizondoko bestetan, eta praktikan jarri dute pasa den larunbatean izandako Baztandarren Biltzarrean. Emakume eta sexu-disidente boluntarioek osatu dute brigada, Baztango Udalaren laguntzarekin. Horretarako, prestakuntza minimo bat hartu dute eraso matxistak, sexualak eta LGTBIQ+fobikoak prebenitzeko eta artatzeko.
Xorroxin irratian elkarrizketa.
Brigadaren helburua «pertsona guziendako ingurune segurua eta errespetuzkoa bermatzea da, edozein izanik haien generoa, sexu-orientazioa edo genero-identitatea, baita eraso posibleen aitzinean lehen erantzuna eman, erasoa pairatu duen edo dutenak informatu, bidean lagundu eta, hala eskatuz gero, aholkatuz».
Brigada Morearen lau eginkizun nagusi nabarmendu dituzte: Prebentzioa, informazioa, arreta erasotuei eta erantzun soziala erasoen aurrean.
Brigadako kideak zapi moreak izanen dituzte erraz identifikatzeko, eta edozein eraso gertatuz gero, «berehalako segurtasuna eta laguntza eskainiko diete erasoa pairatu duten pertsonei, eskura dauden zerbitzuei eta baliabideei buruzko informazioa eta orientazioa emanez, laguntza emozionala eskainiz eta, beharrezkoa bada, mediku eta segurtasun zerbitzuei edo kasu bakoitzean beharrezkoak izan daitezkeen bertze zerbitzu batzuetara lagunduz. Gainera, gertakaria erregistratuko dute eta gertakariari erantzun soziala emateko aukerari buruzko informazioa emanen dute».