Bortzirin eta Malerrekan bi makropoligono eoliko berri eraiki nahi dituztela salatu du Sustrai Fundazioak

Egitasmo hauek Etxalar, Igantzi, Sunbilla, Arantzako, Ezkurra, Eratsun, Saldias eta Beintza Labaien lurretan kokatzeko asmoa du Madrilgo enpresa batek.

2023-ko martxoak 16

Makropoligono eolikoen eta fotovoltaikoen hedapenak eta goi-tentsioko proiektu berriek aurrera jarraitzen dute Nafarroan enpresa elektriko handien eskutik eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin. Orain, Bortzirietan eta Malerrekan ezarri nahi dituzten bi makropoligono eolikoak, bakoitza 50 MW-koa. Proiektu hau bultzatzen duen enpresa Zelena Renovable SL da, Madrilen egoitza fiskala duena. Horretarako, dagozkion kudeaketak egiten ari dira sare elektrikora  konektatzeko eskubideak lortzeko, bai eta fidantza bat jartzeko ere,  hainbat milioi eurora irits daitekeena.

Sustrai Fundazioak gogoratzen duenez, egitasmo hauek biodibertsitatea arriskuan jartzen dute, eta ez dator bat “gure beharrei erantzuteko plangintza demokratikoarekin”. “Milaka nafarren bizkar egiten ari da, haietako asko plataformetan antolatuak, mobilizazioekin eta alegazioekin beste eredu energetiko bat eta egungo ekoizpen eta kontsumo harrapariaren eredua sakonki aldatzea eskatu dutenak”, dio Fundazioak.


Energia berdea?

Sustrai zalantza jartzen du gaur egun garatzen ari den ekoizpen eredua. “Ustez berriztagarriak diren proiektuen enpresa-kolonizazio horren balantzea ezin da mingarriagoa izan. Ez dio subiranotasun eta buruaskitasun energetiko handiagorik ekarri Nafarroari, ekoizpen eta merkaturatze erabakiak multinazional energetikoen esku baitaude. Ez du elektrizitatearen prezioa murriztu, langileen eta herritarren gehiengoaren poltsikoak kolpatuz eta oligopolioen onurak gizenduz. Azken urteotan ez du berotegi-efektuko emisio kutsatzaileen murrizketarik eragin, 2030erako Nafarroako Energia Planak onartzen duen bezala. Ez du dinamika desarrollisten alternatibarik sortu (Abiadura Handiko Trena, makrogranjak, ibilgailu pribatuaren sustapena, erauzketa-jarduera basatiaren babesa, hala nola Mina Muga eta Magna Erdizen). Azkenik, ez du lurraldearen erresilientzia bultzatu, laborantza-lurren galera eta biodibertsitatearen gaineko presio jasanezina eragiten ari delako”.

Proiektu hauen garapena testuinguru berezi batean ematen ari direla gogoratzen du Sustraik. “Estatu Batuek eta haien aliatuek gidatutako gerra ekonomikoaren testuinguruan gaude, baliabide energetiko eta mineralen kontrolean posizio hegemonikoari eusten jarraitzeko. Horren ondorioz, jasaten ari garen krisi ekologiko eta sozialarekin zerikusi gutxi duten neurriak hartzen ari dira”, eta kritikatzen du energia berde bezala saltzen dutela oso kutsakorrak eta arriskutsuak diren teknologiak, hala nola fracking-a, energia nuklearra, gasa… Eta proiektu horiek gauzatzeko Next Generationen funtsak erabiltzen ari dira petrolio, energia eta automobil-multinazionalak finantzatzeko. Baita horrelako makropoligono eolikoak diruz sustatzeko.

Kritikak Administrazio publikoari

Nafarroako erakundeek dinamika horretan parte hartzen ari direla eta bai Gobernua bai alderdi politikoak araudiak, planak eta dekretuak onartzen ari direla “energia eta materialen alferrikako kontsumoak murrizteko plangintza arrazionaletik urrun” salatu du Sustraik.

“Ez zaigu arrazoirik falta krisi globalaren aurrean (ekologikoa, soziala, ekonomikoa, kulturala) alferrikako erabaki politiko eta ekonomikoei aurre egiteko eta, berandu baino lehen, amildegiaren ertzean jarriko gaituzten irteera faltsuak salatzeko”, ohartarazi du Sustraik. “Gehiengoaren pobretzearen kontura onura bilatzea; baliabideak kontrolatzeko gerra ekonomikoa; behar energetikoak planifikatu, kudeatu eta kontrolatzeko subiranotasun soziala ukatzea; botere oligopolikoa mantentzea; lurraldea eta tokiko nekazaritza eta abeltzaintzako jarduera suntsitze; biodibertsitatea kupidarik gabe galtzea edo planetaren muga biofisikoak ez errespetatzea. Horren aurrean lanean eta antolatzen jarraitzea besterik ez zaigu geratzen”, esan du Fundazioak.

Gehiago