Bortzirin eraiki nahi duten parke eolikoaren aurkako ekimenak areagotzen ari dira

Arantza Bizirik, Etxalarko Azkua Bizirik, Igantzi Bizirik eta Sunbillako herritarren plataformek zonaldean aurreikusitako proiektu eolikoen kontrako mendi martxa egin dute, parke hauek inguruan eragingo dituzten ondorioaz ohartarazteko.

2024-ko ekainak 27

Zelena Renovable enpresak Bortzirietan egin nahi duen Azkua makroproiektuak ezinegona eta kezka sortu du zonaldean. “Geroztik ez gara gelditu. Denbora pasatu ahala enpresaren asmoei buruzko xehetasun gehiago ezagutu ditugu, eta gisa berean, urtebeteko epean manera azkarkitan erakutsi dugu gure ezinegona eta gaitzespena”, adierazi dute plataformek. Batzarrak egin dituzte, hitzaldiak antolatu, eskuorriak banatu, Azkua mendira mendi martxa ingurua ezagutarazteko, banderolak egin, pankartak paratu… “Gure mezua garbia da: gure herriak bizirik nahi ditugu eta ez dugu gure mendiak eta inguruak xehatuko dituen eta deus onik ekarriko ez digun proiekturik nahi”.

Apiril hondarrean, Azkua PEren inguruko xehetasun gehiago jakin ziren, enpresak Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuari hasierako txostena aurkeztu ondotik. “Eta ez dugu gezurrik

erranen, ikusi genuena uste baino okerragoa izan zen”, adierazi dute. “Herriz herri sinadura bilketak ere egin genituen eta herritarren erantzuna hagitz ona izan zen. Ia bi mila sinadura bildu genituen”.

Hala ere, konsziente dira gogor aritu beharko direla proiektua geldiarazteko, eta sinadura bilketarekin segitzea erabaki dute (online ere sinatu daiteke).

Nafarroako Gobernuari berriz ere eskatu nahi diote proiektua alde batera uzteko. “Ez dela egingarria eta bideragarria errana du, baina bere esku dagoen guzia egiteko exijitu nahi diogu. Herritarren nahia errespetatu dezala. Guk erne segituko dugu”.

Gehiago