Bortizkeri poliziala salatu eta desalojoaren ardura guztia Geroa Bairi egotzi diote Maravillas Gaztetxekoek

Atzoko desalojoaren ardura Nafar Gobernuarena dela azpimarratu dute Maravillas Gaztetxeko bozeramaileek gaur eguerdian emandako prentsaurreko batean. Geroa Bairi bortizkeri poliziala alboratzeko eta hitz egiteko eskatu diote okupek. Datorren abuztuaren 25an eginen den manifestazioan parte hartzera deitu dute.

2018-ko abuztuak 18

Nafar Gobernuaren atzoko “aldebakarreko jokabidearekin”, agerian geratu zen “herri honek ez dituela iraganean geratu behar ziren jarrera errepresiboak ulertzen”, Maravillas Gaztetxeko kideen hitzetan. Atzoko egunean auzoa “bortizki oldartu zen poliziaz” bete zen eta bortizkeri hau gazte eta bizilagunen aurka erabili izan zela. Hala eta guztiz ere, bortizkeri polizialaren aurrean emandako erantzun baketsua goraipatu dute, eta atzokoa ikusita, galdera hau luzatu diote Nafar Gobernuari: “Hau ahal zen hitz egiten zuten hustutze baketsua? Hau ahal da Nafar Gobernuak
elkarrizketatzat duena?”.

Nafar Gobernuko bozeramailea den María Solanaren atzoko hitzak “onartezinak” direla aipatu dute. “Ez zuten elkarrizketarako borondate errealik. Gaztetxeko asanbladak hau agerian utzi zuen, proposatu ziguten elkarrizketa 48 ordu atzeratzea proposatu eta hauen ezezko irmoa jaso genuenean. Ezin dugu onartu ere honen erantzunkizuna sahiestearen saiakera, Iruñeko alkateari egoeraren erantzule eginez. Hustutzeari alternatibak bazeuden, eta bazekiten. Atzo gertatutakoaren erantzule bakarrak haiek dira”, azpimarratu dute.

Maravillasen hustutzea eman eta 8 ordu geroago ateak ireki ziren berriro jendez beteriko plaza baten babesarekin. Datorren 25ean burutuko den manifestazioan parte hartzeko deia zabaldu dute, “Nafar Gobernuari errepresioa ez dela bidea” esateko.

Gehiago