Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarrerak ez du hobetuko dagoeneko Errenta Bermatua jasotzen dutenen egoera, dio ELAk

ELAren ustez, Espainiako Gobernuak onartutako Gutxieneko Diru Sarrerak ez du balio Nafarroako egiturazko pobreziaren egoerei aurre egiteko, haren zenbatekoa Errenta Bermatuan ezarritakoa baino txikiagoa delako, eta prestazio horrek gabezia asko dituelako dagoeneko.

2020-ko ekainak 5

Espainiako Gobernuak onartu berri duen Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarrerari buruzko balorazioa aurkeztu du gaur ELAk. Prestazio hau berandu dator eta ez du lehendik dagoen pobreziari aurre egingo; izan ere, bakarrik bizi den pertsona batentzako zenbatekoa hilean 461,5 eurokoa da, hau da, urtean 5.538 eurokoa, hau da, pobreziaren atalasearen azpitik dago.

Errealitate honek pertsona asko pobrezia egoeran eta bizi-baldintza prekarioak izateak suposazen du. ELAren ustez, Nafarroako prestazio sozialen sistema ez da nahikoa. Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarrera okerragoa izateak ez du hemengo sistema ona bihurtzen. Gogoan izan behar da pobrezia-mailak gora egin duela azken urteotan. Nafarroako gizartearen %16 (103.000 pertsona) gizarte-bazterketako egoeran dago.

Egoera hori larriagotu egin da Covid-19aren krisiarekin; pandemia horrek are gehiago ahuldu ditu lehendik zeuden gabeziak. Pandemia horren ondorioz, premiazkoagoa da aldaketa, baina ez Espainiako Gobernuak nahi duen zentzuan.

Horregatik, ELAk premiazkotzat jotzen du Errenta Bermatua langabezian dauden pertsona guztien eskubide indibidual gisa ezartzea. Kasu horietan, Errenta Bermatuaren zenbatekoa LGS izan behar da. Halaber, pobreziaren eta gizarte-bazterkeriaren aurkako Eskubide Sozialen Gutuneko LEIn jasotako neurriak onartzea eskatzen du: zenbatekoari dagokionez, LGSaren %100 bakarrik dauden pertsonentzat eta %50eko igoera pertsona gehigarri bakoitzeko, LGSa halako bi gehienez.

Gehiago