“Bizitzaren alde, stop fosilak” manifestua izenpetu eta energia berriztagarrien aldeko ekimena jarri dute martxan

Lurraren Berotzearen Aurkako Ekintzaren Munduko Egunean zabaldu du manifestua Stop Fosilak elkarteak. Bere helburu nagusia klima-larrialdiaren testuinguruan erregai fosiletatik berriztagarrietara trantsizioa bultzatzea da.

2026-ko urtarrilak 28

Stop Fosilak taldeak bultzatu duen “Bizitzaren alde, stop fosilak. Erregai fosiletatik berriztagarrietara. Trantsizio justu eta azkar baten aldeko manifestua” ekologismo, ikerkuntza, hezkuntza, herri mugimendu eta ekonomiaren arloko pertsona ezagunek (eta ez hain ezagunek) sinatu dute. Testuaren bultzatzaileak dira Gorka Laurnaga, Lorea Flores, Markel Peñalba, Arturo Elosegi, Ester Galende, Elise Dilet, Angel Riera, Beñat Irasuegi, Yaguta El-Mokhtar Moulay, Itxaro Latasa, Mikel Gonzalez-Eguino, Unzalu Salterain, Jon Urzelai, Maria Loroño, Juanma Intxaurrandieta, Nicolas Goñi, Aiora Zabala, Alex Tro, Joxerra Aihartza edo Gemma Barricarte.

“Gure lurraldearen egoera energetikoarekin kezkatuak gauden herritarrak gara, klima-larrialdearen testuinguruan erregai fosilen kontsumo eta menpekotasun oso handia dugulako. Horregatik, trantsizio justu eta azkar baten aldeko jarrera gizarteratu nahi dugu, fokua erregai fosiletan jarriz eta berriztagarriak trantsizioaren tresna garrantzitsu bat direla ulertuta: hemen eta orain behar ditugu”, adierazi dute zabaldu duten oharrean.

Manifestua, hiru ideietan laburtzen da: klima larrialdia hemen dago, erregai fosilekin arazo handia dugu eta trantsizio energetiko justu eta azkarra behar dugu. Manifestuari atxikimenduak emateko aukera zabaldu dute orain.

Talde honen zeregina trantsizio energetikoari buruzko dibulgazioa egitea izanen da. Horretarako dokumental bat eginen dela iragarri dute eta denborarekin “trantsizio justu eta azkar baterako printzipioak” ezarri nahi dituzte. “Trantsizio energetikoaren gaiari gure ekarpena egin nahi diogu.
Stop Fosilak elkartea klima-aldaketak munduan eta Euskal Herrian dituen ondorioen eta herri bezala daukagun erantzukizunaren inguruan eztabaida sustatu eta proposamenak gizarteratzeko herritar taldea da, arreta berezia jarriz trantsizio energetikoan eta erregai fosilen arazoan. Larrialdi klimatikoaren testuinguruan, deskarbonizazioa lehentasun sozio-ekologiko handienetarikoa da, eta, erronka horri erantzuten lagundu asmoz, energia berriztagarrien aldeko jarrera sustatu nahi dugu Euskal Herrian”.

Proiektu berriztagarri zehatzen inguruko posizionamendurik ez

Zehazten dutenez, ez dute proiektu zehatzen gaineko posizionamendu bat hartuko, baizik eta marko orokor bat gizarteratu. “Trantsizio energetiko justu eta azkarra nahi dugu, eta, besteak beste, horrekin esan nahi duguna da Pariseko Akordioak zehaztutako epe eta erritmoan egin behar dela, beti ere interes publikoari erantzuten dion lurralde plangintza batek gidatuta, jabetza eredu partekatuei atea irekiz, gizarte sektore zaurgarriak babestuz eta tokiko komunitateen ahotsa aintzat hartua izateko deliberazio prozesuak sustatuz”.

Horrez gain, trantsizio ekosozialaren hari mutur ezberdinen inguruko hausnarketarako espazioa ere sortu nahi dituzte Stop Fosilak ekimenaren eskutik, besteak beste “hazkunde osteko paradigmaren, nahikotasunaren edo bizitza ona zer den birpentsatzeko beharraren inguruko eztabaida sustatuz”.

Trantsizio justu bat aldarrikatzen dutenean “ongizate jasangarria guztiontzat, planetaren mugen barruan” eskatzen dute. Eta burujabetza energetikoa handitzea herritarren esku hartzearekin eta eredu publiko eta partekatua izatea. Egoeraren larritasuna ikusita trantsizio “azkarra” izan behar dela azpimarratzen dute. Eta aldi berean “ahalik eta justu, herritar eta ekologikoena, baina, errealista”. Energia berriztagarria sortzeko azpiegituren inguruan aipatzen dute “mikro-eskala beharrezkoa” dela, baina, ez dela nahikoa. “Eskala eta iturri energetiko anitzak, denak batera garatuz”, aldarrikatzen dute.

Trantsizio energetikoa, hemen eta orain
Kaleratu duten manifestuaren helburua “gure egoeraren larritasunaz” ohartaraztea dela azpimarratzen dute, “trantsizio energetiko justu eta azkarraren beharra gizarteratzeko asmoz”. Eta hiru gako nagusi kaleratu nahi dituzte. Klima-aldaketa dela bizitzaren mehatxu handienetako bat eta Euskal Herrian inpaktatzen hasi dela. Ildo berean, Euskal Herrian erregai fosilen menpekoak garela eta trantsizio justu eta azkar bat behar dela erregai fosiletatik berriztagarrietara pasatzeko. “Oinarrizko eskubide sozialak bermatzeko, autokontsumoa sustatzearekin batera, parke eoliko eta fotovoltaikoak hemen eta orain behar ditugu”.

Gehiago