Birjinitatea birziklatzen
2014-ko apirilak 2
Gaur, 2014ko apirilaren 2an, Clayton Pettet-ek bere birjintasuna galduko du 150 ikusleren aurrean. “Nire birjinitatea 19 urtez gorde dut eta orain ez dut zakarrontzira botako”. 19 urteko gazte honek, arte galeria batean emango du pausu garrantzitsua, gizonezkoek eta bereziki gay gizonek birjintasuna noiz galtzen duten galderak bultzaturik.
Egia esan galdera interesgarria da. Lagun batzuekin albistea komentatzen egon nintzenean, haietako batek planteatu zuen ea gizonezkoak birjinak izan zitezkeen. Gure moral judu-kristauak ezarri izan digunaren arabera, emakumeak gara birjinak garenak (edo izan behar dugunak) gizon batekin ezkondu eta gure birjintasuna hari “eman” arte. Baina zer gertatzen da gizonen kasuan, sarketa baten bidez “zulatuak” izan arte birjinak dira ala haiek “zulatzaile” izan arte? Eta berdin balio du baginatik edo ipurtzulotik sartzeak? Baina noski, zer sartzeak?
Zer gertatzen da gizonen kasuan, sarketa baten bidez “zulatuak” izan arte birjinak dira ala haiek “zulatzaile” izan arte? Eta berdin balio du baginatik edo ipurtzulotik sartzeak? Baina noski, zer sartzeak?
Gazteagoa nintzenean, askotan entzun behar izan nuen galdera datorkit orain burura: “Neskek hilerokoa duzuenean eta tanpoi bat sartzen duzuenean, gozatzen duzue?” Eta gaurko gaiari lotuta beste bat bururatzen zait niri. Baginatik tanpoi bat sartzean, emakumeok birjintasuna galtzen dugu? Ala bakarrik fenomeno mundial hau zakil batekin eman daiteke? Baina zer gertatzen da orduan zakila tanpoia baino txikiagoa denean, horrek ere berdin balio du?
Ziurrenik zuetako askori galdera hauek zentzugabekeri hutsa irudituko zaizkizue baina egun bizi garen sistema heteronormatibo honetatik haratago joan nahi badugu, garrantzitsua da horrek oinarritzat dituen hainbat kontzeptu kolokan jartzen hastea.
Zoritxarrez oraindik gaztetxoenengan entzuten diren galdera eta kezka berdinak genituen guk gure nerabezaro garaian lehen aldi famatuari buruz aritzean, eta hamar, hogei urte pasata ardura berberak izatea, gizarte honek aurrera egin ez duenaren seinale hutsa da.
Gehien bat lehen aldi horri buruz, birjintasunari buruz, sarketa bati buruz hitz egiten dugunean, gehienetan harreman heterosexualei buruz hitz egiten ari garelako, praktika erotiko zehatz bati buruz, eta konturatzen ez bagara ere, nahigabe hauek indartzen ditugulako ondoan dugun laguna sarketak gustuko badituen jakin gabe ere.
Claytonek esan duenez, berak ez du hau zakarrontzira botatzeko asmorik , beraz has gaitezen gu ere hau guztia birziklatzen, gure buruak birziklatzen eta galdera berriei ateak zabaltzen.