Bihar ikasleek greba egun batekin LOMCEren aurka azalduko dira
Ahotsa.info-k mobilizazioen jarraipen berezia egingo du.
2014-ko martxoak 26
Azken aldian Hezkuntza Sistema publikoak pairatu dituen "erasoak" salatzeko, greba eguna deitu du ikasle mugimenduak. Murrizketa ekonomikoak eta Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroak aurrera daraman LOMCE hezkuntza erreforma dira ikasleek kalera ateratzeko dituzten kexka nagusiak. "Erreforma honek, azken batean sistemaren beharretara hezituriko lan esku merkea izango diren ikasleak hezitzea du helburu, ondorio zuzenen artean esanguratsuenak hauek direlarik: Curriculumaren zentralizazio handiagoa, hezkuntza atal bakoitzaren bukaeran errebalida froga eta eduki instrumentalen indartzea", salatu du Ikasle Abertzaleak.
Gainera, Nafarroan, UPNren gobernuak, abendutik hona D ereduaren aurkako hainbat episodio protagonizatu ditu. "Testuliburuen aurka, irakasleen aurka eta PAI eredua bera D ereduaren aurkako tresna bezala erabiltzea ere azaleratu zuen Barcina andereak", gogoratu du IAk. Fernandez Diaz barne ministroak Ikasle Abertzaleak sindikatuari Ezker abertzalearen eta ETA erakundearen hezkuntza tresna izatea leporatu zien.
Guzti honen aurrean, Euskal Eskola Nazionala eraikitze bidearen baitan, "ikasleria alternatibak eraikitzeko unean dagoela" uste du Ikasle Abertzaleak.
Zutabeak eta manifestazioak
Goizean goiz hasiko dira mobilizazioak ikastetxetan. Iruñean eta Iruñerrian zutabeen bidez hirigunera hurbilduko dira ikasleak. Eguerdiko 12etan Antoniuttitik aterako da manifestazioa. Mobilizazioak izango dira ere Sakanan, Lizarran eta Beran. Arratsaldean, bestetik, manifestazioa izango da Iruñean. 18etan abiatuko da Udaletxeko plazatik.