Bi urte bete dira Etxarri Aranatzek independentziari baietz esan zionetik

Etxarri Aranazko Udalak gogorarazi duenez, “etxarriarrak lehen euskaldunak izan ziren erabakitze eskubide demokratikoa hautetsontzien bidez gauzatzen”. 2014ko apirilaren 13an izan zen, herri galdeketa bidez etxarriarrek Euskal Herri independente bateko biztanleak izatea erabaki zutela A13 plataformak antolatutako herri galdeketan.

2016-ko apirilak 13

Udalak gaur egindako ezohiko bilkuran 2014ko martxoaren 28an erabakitzeko eskubidearen alde egindako adierazpen instituzionala berretsi du. Orduko hartan udalak aldarrikatu zuen “ erabakitzeko eskubidea herrien oinarrizko giza-eskubidea” dela. “Hala aitortzen dute 1966ko Nazio Batuen Gutunak, eta 1966ko Giza Eskubideen Aldeko Nazioarteko Itunak, besteak beste. Herriek eta herritarrek euren estatus politikoa erabaki ahal izatea, eta euren etorkizunari buruzko eztabaida parte-hartzaile eta baketsua egin ahal izatea, funtsezko ariketa demokratikoa da. Europan eskubide horri heldu diote estaturik gabeko zenbait herrik”.

Aldi berean, Etxarri Aranazko Udalak “herriz herri sortzen ari diren herri-galdeketa prozesu guztiei babesa ematen die, eta galdeketa horiei erabakitzeko eskubidearen aldarrikapenean duten garrantzi estrategikoa aitortzen die”. Azkenik, Etxarri Aranazko Udalak “erakunde publikoak premiatzen ditu, beharrezkoak diren prozesuak, baliabideak eta lege-markoak indarrean jar ditzatela, herritarrek demokratikoki euren estatus politikoa erabaki dezaten”.


Adierazpena EH Bilduko zinegotzien aldeko botoekin aurrera atera da, PPko Carmen Macias eta Juan Antonio Extremera ez baitira bilkurara joan. Azken horrek adierazi duenez, “uste dugu udalean gure egitekoa ez dela ezertarako balio ez duten identitate eztabaidak sustatzea, baizik eta herritarren benetako arazoei konponbidea ematea”. Extremerak gogorarazi du PPk “beti Nafarroa foral eta espainiarraren identitate instituzionala” defendatuko duela.

Galdeketen segida
Etxarri Aranatzen ondoren erabakitze-eskubidearen aldeko galdeketa egin zen Arrankudiagan, 2015eko azaroaren 2an. Aurten Gure Esku Dagok sustatutako plataformen bidez: Goierriko 22 herritan, Azpeitian, Diman, Debagoienan, Ispasterren, Aramaion eta Bakaikun eginen dira. 2017 urterako beste hainbat herri eta eskualdetan galdeketa prestatzen ari dira: Oiartzualdea, Oarsoaldea, Urola Kosta, Bermeo, Busturia, Durangaldea, Elorrio, Aulesti, Sopela, Barrika, Hernani, Usurbil…

Gehiago