Bi hilabete eta erdirainoko itxaron zerrendak izan arren, Osasunbideak ez dituela 338 kontratu berrituko salatu du ELAk
Covid pandemiari aurre egiteko Osasunbidean egindako 338 langileen kontratuak ez direla berrituko jakin eta gero iritsi da ELA sindikatuaren salaketa. Osasunbidean egiten den inbertsio eskasa dela eta, langile eta baliabide gutxiegi egoteaz gain "gehiegizko behin behinekotasuna eta plantilla zaharkitua egiturazko arazo" direla dio sindikatuak.
2022-ko irailak 16
ELAk salatu du itxaron zerrenden igoera Osasunbidean egindako inbertsio eskasaren ondorio dela. Urtean 400 milioi gehiago inbertitu beharko lirateke osasunean Europako batez bestekoa berdintzeko. “Honek baliabide material gutxiago eta langile gutxiago izatea dakar, baita plantilla zaharkitua eta lan baldintza zein behin behinekotasun onartezinak izatea”, dio ELAk. Ondorioz, itxarote zerrendak 2019ko abuztuan asistentzia espezializatuko lehen kontsultarako batez beste 49 egunetatik 2022ko abuztuan batez beste 76 egunetara igaro direla ohartarazi dute. Aldi horretan bertan, itxaroten zeuden pertsonak 40.402 izatetik 61.105 izatera igaro dira.
Horrez gain, irailaren 30ean COVID kontingentea dela eta kontratatutako 338 langileri kontratua amaituko zaie, eta ez direla berrituko iragarri dute. Aurtengo ekainera arte, mota horretako 695 kontratu zeuden, eta COVID programarekin lotutako lanez gain, egiturazko lanak ere egiten dituzte Osasunbidean.
ELAk gogoratu du Nafarroako zazpi aurrekontu onartu direla UPN Gobernutik atera zenetik “baina osasun publikoaren okertzeak gora egiten jarraitzen” duela salatu du. “PSNk, Geroa Baik, Ahal Duguk, EH Bilduk eta Izquierda-Ezkerrak Nafarroan onartutako aurrekontuen gabezia eta norabide antisoziala” salatu ditu ELAk. “Osasunbidera bideratutako inbertsio eskasa agerikoa da itxaron-zerrendetako datuekin; egoera kezkagarria da, Nafarroan osasun pribatuak lekua hartu duen bitartean”, esan du ELAk, eta datu bat eman du sindikatuak: azken bost urteetan 20.000 pertsona gehiagok dute aseguru mediko pribatua Nafarroan.
Osasun publikoa hobetzeko, ELAk proposatu du, besteak beste, gastua Europar Batasuneko batez bestekoarekin parekatzea, sare publikoa sustatzea eta estaldurak zabaltzea, lehen mailako arreta bultzatzea, plantilla handitzea eta behin behinekotasun “onartezinarekin” amaitzea.