Beste 9 lagun inputatu dituzte Sarasateko okupazioa dela eta

Atxilotu zituzten 3 gazte epaiketaren zain aurkitzen dira, eta orain beste 9 gaztek deklaratu beharko dute otsailaren 17an.

2017-ko otsailak 11

Pasa den urriaren 8an Sarasate pasealekuko eraikin huts baten okupazioan Iruñeko Udaltzaingoa eta gazteen arteko liskarren ondorioz 12 lagun epaituko dituzte. Gogoratuko denez, Iruñeko Udaltzaingoa eta ondoren Espainiako Poliziak han bildutako pertsonen kontra bortizki oldartu ziren, hiru atxilotu eta hamarna lagun baino gehiago zaurituak zirelarik.

“Irmoki salatu nahi dugu sistemaren mesedetara lanean diharduten egitura errepresibo guztiak. Etxebizitza bera pertsona ororentzat oinarrizkoa den beharra izanik, egiturak sistemaren interesei erantzuten baitie lehenik”, salatu dute gaur Iruñeko Udal Plazan auziperatuei babesa emateko bildutekoek.

Gaur jakinarazi dutenez, aurreko astean bederatzi gaztek zitazio judizialak jaso zituzten  usurpazioz, agintaritzari atentatua edota resistentzia egotziz. Akusatu edo aztertuen artean espetxeratze arrisku errealak daudela. “Oraingoan, akusazio judizialak gugan jaurti diren arren, egungo bizitza soziala menperatzen duen merkatuari aurre egiteko prest legokeen beste edozeinengan ere eror zitekeela badakigu”, azpimarratu dute.

Iruñeko Udaletxeari “jarrera larria” izatea leporatu diote. “Operatiboaren inguruan diharduen txosten tekniko bakarra desalojoan bertan errepresioa pairatu zutenen exigentzietatik oso aldenduta baitago. Modu berean nabarmendu nahi dugu Herritarren Segurtasun saileko zinegotzia den Aritz Romeoren seriotasun falta; oraindik ere ez baitira udaltzaingoaren arduradunen kontrako neurriak hartu, ezta inplikaturik zeuden kargu politikoen arduren gain hartzea ere”.

Datorren otsailaren 17an ostirala, 9 pertsona hauek epailearen aurretik deklaratzera deitu dituzte. Hori dela eta, gazte zein herri mugimenduko sektore desberdinei datorren ostiralean goizeko 11etan epaitegiaren aurrean eginen den kontzentrazion parte hartzera animatzen dute.

Gehiago