Beste 7 torturatu aitortu ditu Nafarroako Gobernuak

2025-ko azaroak 20

Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordeak zazpi aitortza berri eman ditu azken astean. Polentzi Goikoetxea Barandiaran, bi aldiz torturatua Guardia Zibila eta Brigada Politiko Sozialarengatik 1980an. Jose María Alemán Zabaleta, Guardia Zibilak torturatua 1982an. Jon Patxi Arratibel Garziandia, Guardia Zibilak torturatua 1997an eta 2011n. Leire Markina Rey, Polizia Nazionalak jipoitua 1999an eta Guardia Zibilak torturatua 2001ean. Luis Goñi Lara, Guardia Zibilak torturatua 2008an. Araitz Amatria Jiménez, Espainiako Polizia Nazionalak torturatua 2008an. Ainara Bakedano Cuaresma, Guardia Zibilak torturatua 2009an.

Nafarroako Torturatuen Sareak eta Egiari Zorrek osatzen duten Egiaren garaia da dinamikatik emandako ebazpenak positiboki baloratzen dituzte eta estatu-indarkeriak Nafarroan izan duen eragina azalarazteko baliogarriak direla azpimarratu dute.

Nafar Gobernuak azken bost urteetan hasitako bidearekin jarraitzeko animatu dute “Nafarroan eta Euskal Herri osoan estatu-indarkeriari lotutako inpunitatea amaitzeko”.

“Franco diktadorearen heriotzatik 50 urte betetzen direnean, argi geratzen ari da torturaren aplikazioak diktaduraren edo trantsizioaren testuingurua gainditzen duen giza eskubideen urraketa larria dela. Ebatzitako kasu berri hauek adierazten dute konstituzio aroan ere inpunitate osoz torturatu zela, eta estatuak mekanismo sistematiko oso bat martxan izan zuela euskal herritarren aurka, XXI. mendeko bigarren hamarkadara arte”, dio oharrak.

Ez errepikatzeko bermea posible egiteko tortura ahalbidetu zituzten mekanismoak eten egin behar direla aldarrikatu dute. “Ez errepikapenaren bermea funtsezko zutabea da elkarbizitza demokratiko sendo bat eraikitzeko. Gai hau ezin da gehiago atzeratu, halako praktikek berriro lekurik izan ez dezaten gure gizartean”.

Gaur egun, Nafarroako Gobernuak 94 pertsona aitortu ditu Foru Lege honen esparruan indarkeria politikoaren biktima bezala.

Azkenik, Nafarroan Estatuaren indarkeria politikoa jasan duten pertsona guztiak animatu nahi dituzte aitortza eskaerak aurkeztera. Epeak zabalik jarraitzen du 2027ko uztailera arte, eta, berriro ere, izapideak egiteko hala eskatzen duten pertsona guztiei laguntzeko prest daudela berretsi dute Nafarroako Torturatuen Sareak eta Egiari Zor Fundazioak. Horretarako, nahikoa da info@egiarizor.eus edo nafarroakotorturatuensarea@gmail.com helbide elektronikora idaztea edo 948307715 telefono zenbakira deitzea.

Gehiago