Berriozarren ospatuko du Ernaik “Gazteon eskutik” ekimena
“Gazteon Eskutik gazte independentiston topalekua izango da. Lau egunez Euskal Herriko milaka gazteek bat eginez, amesten dugun Euskal Herrira jauzi egiteko indarra hartuko dugu”, dio Ernaik.
2024-ko abenduak 18
Une erabakigarria bizi direla mundu mailan eta Euskal Herriaren askapen prozesuan “jauzi berri bat egiteko” aukerak badirela uste du gazte antolakunde abertzaleak. Ernairen ustez “Euskal Herrian, maila globaleko erronkei aurre egiteko” indarrak badira eta “bidegurutze historiko honetan” posizio eraldatzaileetara bultza egiteko “bide bakarra independentzia” dela dio.
“Geroz eta gehiago gara etorkizunari begiratu eta independentzia baino ikusten ez dugunok. Hura, azkenengo hilabeteetan zehar, Ernaik antolatutako egitasmo desberdinetan hainbat eta hainbat aldiz ikusi dugu. Donostian milaka gazte independentista bilduta, Nafar gazteria independentista urriaren 12an mobilizatuz, herrietan hamaika egitasmo aurrera eramanez eta etortzekotan dauden beste hainbeste. Bide horretan, Gazteon Eskutik indar guzti horren bilgune izango da eta inoiz baino premia handiagoa duen testuinguru honetan jauzi berri bat emateko abagunea izan nahi du”.
Berriozarren ospatuko den ekimenean egitarau oparoa garatuko dela iragarri dute, eta lehenengo aurrerapen bat egin dute. Musika eskaintza askotarikoa eskainiko dute: Skabidean, Sukena, Olatz Salvador, Zilibito records, Naxker, Nøgen, Toc. Horrez gain, hitzaldi eta tailerrak eginen dira: Sormenaz espetxeak hautsi, larrialdi lingusitikoa?, Euskal herriko ANALogiak, Feminismo materializtaz eta etxebizitzaz ere hitz egingo dute. Hauetaz aparte tailerrak, djak eta ikuskizunak era izango dira.