Berriobeitiko Rokopoliseko izandako azken laneko heriotza salatu du ELAk

ELAk elkarretaratzea egin du asteartean Berriobeitin izandako beharginaren heriotza. Absentismoaren inguruko "diskurtso faltsua" alde batera utzi eta prebentzioan inbertitzeko eskatu dio patronalari. Bide batez, Nafarroako inspekzioaren plantilla 45 pertsona arte handitzea beharrezkoa dela deritzo "kontrol-bitartekoak Europa mailako bataz-bestekora berdintzeko".

2026-ko otsailak 26

Joan den asteartean, Berriobeitiko Rokopolis rokodromoan mantentze lanetan ari zen Atarrabiako langilea hil zen altueratik erorita. Antza denez, erorikoa langilea teilatutik zihoala plaka bat hautsi zenean gertatu zen “hori sahiesteko babes-neurrien gabeziaren ondorioz”, salatu du ELAk. Gaur goizean, sindikatuak elkarretaratzea egin du Nafarroako Gobernuaren aurrean, Euskal Herrian 24 ordutan eman diren bi lan-heriotzak salatu, eta hildakoen senide eta lagunei elkartasuna adierazteko.

“Aurten, honez gero 7 pertsona hil dira euren lanpostuetan Hego Euskal Herrian, horietatik bi Nafarroan. Heriotz horien arrazoiei erreparatzen badiegu, altuerako erorikoak dira oraindik ere laneko heriotzen arrazoi nagusietakoa, babes-neurri egokiekin erraz saihestu daitezkeen arren. Horrek esan nahi du enpresariek ez dutela prebentzio-araudia betetzen, eta erakunde publikoek uko egiten diotela ez-betetze horiek kontrolatzeko bitartekoak handitzeari”, salatu du ELAk.

Lan istripuak ematen diren bitartean patronalak “absentismoaren aurkako gurutzada betean” jarraitzen duela gaitzetsi du sindikatuak, langileok justifikaziorik gabe lanera huts egiten dugula argudiatuz. “Baina datu ofizialek diotenez, absentismoaren arrazoi nagusia lan-baldintza makurrek eragindako bajak dira, horregatik, absentismoaren inguruko diskurtso faltsuak alde batera utzi, eta prebentzio neurrietan
inbertitzeko eskatzen dio ELAk”.

Inspekzioaren plantilla handitu behar dela aldarrikatzen du ELAk “enpresarien ez-betetzeak” kontrolatzeko. “Lan-ikuskaritza kolapsatuta dago, baliabide faltagatik. Horregatik, ELAk Nafarroako Gobernuari eskatzen dio inspekzioaren konpetentzia bereganatu, eta bere plantilla 45 pertsona arte hirukoizteko, Europa mailan gomendatutako bataz-bestekora berdindu, eta prebentzio araudia betetzen dela behar bezala kontrolatzeko”.

Gehiago