Bere bizilekutik gertu den espetxe baterako lekualdaketa ukatu dio Audientzia Nazionalak Gorka Fraileri
Argudio orokorrak erabilita, Auzitegiak negatiboki erantzun dio Badajozen larriki gaixorik den Gorka Fraile presoaren lekualdaketa eskaerari. Gaur sakabanaketak eragindako azken istripua salatzeko mobilizazioa eginen da PPk Iruñean duen egoitzaren aurrean, 20.00etan.
2016-ko ekainak 13
Gorka Fraileren senideek Etxerati jakinarazi diotenez, Audientzia Nazionalak bere bizitokitik hurbil den kartzela baterako lekualdaketa ukatu dio presoari.
2015eko martxoan, mingainean minbizia diagnostikatu ziotenean egin zuen lekualdaketa eskaera Frailek. Kartzela Erakundeek zein Kartzela Zaintzako Auzitegi Zentralak eskaera ukatu zuten. Orain, presoaren abokatuek aurkeztutako apelazio-errekurtsoa atzera bota du Audientzia Nazionalak. Beste euskal preso politikoen aurreko eskaerak ukatzeko auto eredu berbera erabiltzen du auzitegiak, erresoluzio indibidualizatua erakusten duen aldaketa nabarmenik gabe.
Osasun asistentziari dagokionean, Badajozeko ospitalean egindako ebakuntza eta programatutako errebisioak aipatzen ditu Audientzia Nazionalak bere osasun eskubidea urratua ez dela ebazteko. Presoaren senideek, ebakuntza horretan zehar poliziak Fraileri emandako tratua salatu zutela gogorarazi nahi du Etxeratek. Berriki ere, Badajozeko ospitaleko langileek Fraileri emandako tratu iraingarria salatu zuen haren sendiak.
Saez Valcarcel magistratuak, eskubideak dituen pertsona bezala aipatzen du presoa. Kartzela zigorra bere bizilekutik hurbil den espetxe batean betetzeko eskubidea eta urrunketaren oinarri legalik eza aipatzen ditu bere boto partikularra emateko unean, gainontzeko beste magistratuekin desadostasunean.
Etxeratek prentsa ohar bidez euskal preso politikoei “eskaera eta jarrera indibidualizatuak exijitzen zaizkien bitartean, eskubideak urratzen dituen kartzela politika baten menpean” daudela nabarmendu nahi izan du.
Gaur, PPren aurrean sakabanaketak eragindako azken istripua salatzeko
Igandean, Aitor Agirrebarrena euskal preso politikoaren senideek ezbeharra izan zuten bueltako bidean, bisita egin ostean. “Senideek derrigorrean inposaturik euren bizitza eskubidea gauzatzeko egin behar dituzten bidai luzeen osteko” urteko bosgarren ezbeharra da hau, hirugarrena hil honetan. Hori salatzeko, Etxerat Iruñeko PPren egoitzaren aurrean kontzentrazio bat gauzatuko du gaur arratsaldeko 20etan, Carlos III etorbidean.