Berako bestetan izandako eraso erreakzionarioak salatu dituzte

2025-ko irailak 16

Berako bestetan egin diren erasoak irmoki gaitzesteko agerraldia egin dute txozna batzordea osatzen duten eragileek, Berako udal ordezkariek, Bortzirietako berdintasun teknikariak, Labiaga ikastolak, Berako ostatuetako ordezkariek eta bertze hainbat eragile eta norbanakoek.

Azaldu dutenez, nahiz eta Berako bestetan gune seguruak sortzeko ahaleginak egin eta eraso sexisten aurkako protokoloak eta ekimenak abiatu, hori guztia ez da nahikoa izan jai egunetan izandako eraso matxista, homofobo eta arrazistak ekiditzeko.

“Bertze behin ere, haien maskulinitate erasokorra erakutsiz, gure herriaren askapenerako ezinbertzekoak diren aldarrikapenen pankartak erre dituzte; guztionak diren herriko guneak xehatu dituzte, tartean Toki-onako negutegia, ostatuetako komunak hautsi eta altzariak harrika bota dituzte; ostatuetako estintoreak barran hustu dituzte; bestetarako paratzen diren komunak eta kontainerrak errekara jaurti, ostatuetako espazioa erabat bereganatu dute haien arteko harrokeria eta indarkeria erakustaldi bilakatzeko; txoznako txandalariak jazarri dituzte eta hau nahikoa ez balitz, eraso matxista, arrazista eta homofoboak salatzen dituztenak artatzeko txoznagunean jarrita zegoen jaima behin baino gehiagotan erre dute”, azaldu dute.

Eraso guzi hauek ez direla kasualitatea azpimarratu nahi izan dute. “Jendartearen oinarrian dagoen gizontasunaren ereduak sortzen ditu portaera hauek”, eta jarrera hauek maiz ematen direla ere salatu dute, “indarkeria matxistaren izebergean azpiraturik dauden adierazpenak” direla azpimarratuz. “Haien biolentzia erakustaldiak babesten ez dituztenak jazarri eta azpiratzea du helburu, inpunitate osoz gainontzekoen gainetik jarriz eta pribilegiatuak izaten jarraitu dezaten”.

Txiki eta Otaegiren pankarta kendu zuten

Salatu duten beste eraso bat memoria historikoaren aurkakoa izan zela ere arbuiatu dute. Txupinazo egunerako jarritako Txiki eta Otaegi oroitzeko pankarta besten hasiera baino ordu gutti lehenago kendu zuten. “Batzuei agudo ahaztu zaie zer izan zen frankismoa. Frankismoa erailtzen hil zen, baina fusilamenduek arrasto kolektibo sakona utzi zuten Euskal Herrian, eta gaur arte iraun du. Guk argi dugu, frankismoaren biktimek, kasu hontetan Txiki eta Otaegik, begirunea, oroimena eta gorazarrea merezi dutela. Frankismoa zuritu edota onartzen duten jarrera faxistarik ez dugu onartuko”.

Txupinazoan bertan plazan aditu ziren oihu eta errespetu faltak ere salatu dituzte.

“Bertze behin ere zuei, erasotzaileei erraten dizuegu, ez dugu zuen indarkeriaren aurrean amore emanen eta behar bestetan aurrean izanen gaituzue!”, ohartarazi dute. “Zuen jarrera biolentoak alde batera utzi arte eta zuen maskulinitate eredua deseraiki arte, ez dugu etsiko! Eta haien inguruan indarkeria erakustaldirik ez, baina babesten dituzuenei ere, berriro erraten dizuegu, ez bazara konponbidea arazoaren parte zara!”, gehitu dute.

Gehiago