Beltzen bizitzek inporta dute, baita Euskal Herrian ere

Beltzen bizitzek inporta dute. Bai. Baita Iruñean bizi badira ere, eta ez soilik AEBtakoak. Hori ozen aldarrikatzeko batu dira gaur Sortuko militanteak Africa United elkarteko kideekin Gora Herria ekimenaren baitan, George Floyden hilketa salatzeko egindako ekintza batean. 2016an Espainiako Poliziak Elhadji Ndiaye erail zuen tokian, Arrotxapeako Marzelo Zelaieta kalean, ekimen ikusgarria egin dute gaur goizean.

2020-ko ekainak 5

“Zapalduon, explotatuon, marginatuon bizitzek inporta dute. Bai. Gu guztion bizitzek axola dute! Eta gure bizitzen bizkar haien pribilegioak betikotzeko faxismoaren eta arrazakeriaren hariak mugitzen dituzten botere oligarkikoen aurrean bizitzengatik borrokatzeko prest gaude”, adierazi dute 2016an Espainiako Poliziak Elhadji Ndiaye erail zuen tokian, Arrotxapeako Marzelo Zelaieta kalean.

“Arrazakeria estrukturala, estatu arrazakeria eta lege arrazista eta inhumano guztiekin amaitzeko borrokatuko dugu”, esan dute ekimena egin ostean. “Guztiok barneratuta dugun arrazakeriaren aurka borrokatuko dugu. Milaka lagunek ikusi, sentitu eta pairatzen duten, eta beste guztioi gure buruetan horrenbeste ikustea kostatzen zaigun arrazakeria hori” esan dute autokritika eginez. Horregatik, faxismoaren eta arrazakeriaren aurka eta bizitza duinen alde borrokan jarraitzeko deia zabaldu dute.

Bihar, larunbata, 12:00etan leku horretan (Marcelo Zelaieta eta Artica kaleen artean) ‘Black lives matter’ goiburupean arrazakeriaren aurkako talde ezberdinek kontzentrazioa bat eginen dute Elhadji Ndiaye, George Floyd eta arrazakeriaren biktima guztiak gogoratzeko.

Gehiago