Behin-behineko irakasleen prekarietatea salatu dute sindikatuek Hezkuntza Departamenduaren aurrean
Joan den astean N-121A errepidean istripuz hildako irakaslearen heriotza salatu dute sindikatuek, Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren egoitzaren aurrean. Ostegunean gertatu zen ezbeharra, Ataungo 26 urteko emakume bat hil zen auto istripuz, Beran, lanera zihoala.
2018-ko irailak 18
Itxuraz, zeraman autoaren kontrola galdu zuen eta kontrako norabidean zihoan furgoneta bat jo zuen. Gaztea aldi baterako irakasle ari zen Donezteben, eta haren heriotzaren harira, behin-behinekotasuna prekaritatea dela eta prekarietateak hil egiten duela salatu dute sindikatuetako ordezkariek Iruñeko elkarretaratzean.
Edonola ere, irakaskuntzako sektoretik harago, azken asteetan izandako lan heriotzak ere salatu dituzte. Egoera aldatzeko prebentzio neurriak hartzea ezinbestekoa dela nabarmendu dute. Baita lan istripuen atzean dagoena prekarietatea dela salatu ere. Hargatik, erakunde publikoek ezin dutela beste alde batera begiratu iruditzen zaie.
Urtea hasi zenetik, 40 langile baino gehiago hil dira, sindikatuen datuen arabera, horietako hamabost, abuztuan eta irailean.