Behatokiak hizkuntza-eskubideei ematen zaien “bigarren mailako balioa” egiaztatu du 2020. urtean

2020an 1.229 intzidentzia jaso ditu Behatokiak, 2019an baino %66,75 gehiago. Bildutako datuekin, 2020 urteko txostena osatu du, eta bertan jasotzen denez, pandemia egoera izendatu zenetik kexen kopuruan igoera nabarmena izan da, baita urraketen izaera eta larritasunean ere. Agurne Gaubeka, Behatokiko zuzendariaren hitzetan "urgentzia eta azkartasuna aitzakia ezin hobeak bihurtu dira hizkuntza-eskubideari ematen zaion balioa agerian uzteko".

2021-ko martxoak 31

«Tamalez, hizkuntza-eskubideen urraketek protagonismo berezia izan zuten 2020an ere». Hori izan da, hain zuzen, Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak Hizkuntza Eskubideen Egoera 2020 txostenaren aurkezpenean egindako lehen hausnarketa.

Hilabetez hilabete hizkuntza-eskubideekiko eman diren gorabehera eta kexa guztiak aurkeztu ditu erakundeak. «2019ko txostena etxealdi betean aurkeztu genuen, eta aurtengo balantzea egoera samurragoan aurkezteko aukera dugun arren, 2020an intentsitate bereziz pairatutako herritarren bizipen eta ezintasunetan oinarrituta dago», adierazi du Gaubekak.

Hain zuzen, aurtengoan badira urteko balantzea egiterakoan aintzat hartu beharreko bi alderdi: pandemia egoera izendatu zenetik kexen kopuruan eman zen igoera, zein eman diren urraketen izaera eta larritasuna. Behatokiko zuzendaria argi mintzatu da: «Gure hizkuntzaren etorkizuna aztertzeko, behar beharrezkoa da hizkuntza-eskubideekin aurreko urtea bezalako une erabakiorretan zer gertatzen den ongi aztertzea».

Datuen gorakada
Garbiñe Petriati Behatokiko teknikariak eskaini ditu erakundeak bildutako datuak. Adierazgarriak dira oso: 2020an 1.229 intzidentzia jaso ditu Behatokiak Akuilari eta Euskararen Telefonoa euskarrietan, 2019an baino %66,75 gehiago. 1.148 kexak, 36 zoriontzek eta 43 kontsulta edo iradokizunek osatzen dute, hain zuzen, aurtengo balantzea.

Lehen ondorioa argia da: kexak nabarmenki igo dira, eta aipatu gisa, pandemiari hertsiki loturiko urraketen ingurukoak izan dira gehienbat. Petriatik, halaber, datuen eta errealitatearen arteko arrakalan jarri nahi izan du enfasia: «Kontuan izan behar da kopuru hau errealitatearen lagin bat baino ez dela». Izan ere, «jakin badakigu herritar askok egoera berezia zela pentsatuaz edo atzerapenak edo bestelako albo-kalteen beldur, zerbitzuak euskaraz eskatzeko erreparoa izan dutela». Eta Behatokiko teknikariaren hitzetan, sistema osoaren hutsuneen adierazle da hori: «Hizkuntza- eskubideen kontzientzia izan arren, zerbitzua jaso nahi bada euskara erabiltzeari uko egin behar izatea sistema osoaren hutsuneen seinale argia da».

Oinarrizko arloak lehen lerroan

Nafarroako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza izan dira kexa gehien jaso dituzten erakundeak, eta sektore pribatuan, merkataritzako kate komertzial handiak izan dira gehienbat urraketen arduradunak. Beste hitz batzuetan, oinarrizko zerbitzu izendatu ziren arloetan kexen igoera nabarmena identifikatu da. «Herritarrak etxean gehien geratu diren urtea izan arren, informazio eta zerbitzuen beharrak eta sektore ekonomiko batzuen igoera nabarmenak eragin zuzena izan du, esaterako, elikagai merkataritza edo mezularitza enpresenak. Beste aldean, hainbat zerbitzuren etenaldi edo itxierek ere kexa kopuruaren jaitsieran eragina izan dute, besteak beste, ostalaritzarenak», zehaztu du Petriatik.

Osasungintzako sektoretik harago, sektore guztietan herritarren osasuna zaintzerakoan erdara erabili da, herritarren hizkuntza-eskubideak alboratu edo bigarren mailan utziz. Behatokiko teknikariaren hitzetan, «2020an, sektore eta eremu guztietako kexek herritarren osasun eta segurtasuna izan dute hizpide». Honen inguruan erakundeko zuzendari den Agurne Gaubekak gogorarazi du «hizkuntza-eskubideak kontuan hartzea, herritarren segurtasuna, osasuna eta mezu edo informazio ezberdinak hobe barneratzeko ariketa ere badela». Urte honetan eman diren aldaketak, eta urgentziaren eta azkartasunaren beharrak «aitzakia ezin hobea bihurtu baitira herri honetako jendartearen hizkuntza-eskubideei gure egunerokotasunean ematen zaion balioa agerian uzteko».

Behatokiko zuzendariak etorkizunerako mezu bat helarazi nahi izan du. Pandemiak egunerokotasuna, beharrak, bizitzeko eta lan egiteko moduak aldatu dizkigun honetan, argi utzi nahi izan du «herritarrek osasun egoera larriak zein arazo sozioekonomikoak dituztenean, laguntza baliabideak edo zerbitzuarekiko informazioa euskaraz jaso ahal izateak herritarrekiko enpatia eta zaintza erakusten dituela». Beraz, Behatokiko arduradunak dei egin die administrazio publikoko arduradunei zein eremu sozioekonomikoko entitateei herritarren hizkuntza- eskubideak oinarrizko balore bezala aintzat hartzeko noranzkoan lanean has daitezen.

Gehiago