Behatokia: “Lanbide Heziketako eskaintzak ez ditu ikasleen hizkuntza-eskubideak bermatzen”
Nafarroako Hezkuntza Departamenduak Lanbide Heziketako 2021-2022rako eskaintzan 5.525 ikasle berriek aukeran izango dituzten 139 titulazioak aurkeztu dira. Hizkuntz Eskubideen Behatokiko Agurne Gaubekak dio eskaintza berrietan euskararen presentzia "urria eta zokoratua" dela salatu du. Gaur egun, guztira 137 heziketa ziklo daude, eta horietatik 16 soilik dira euskaraz.
2021-ko martxoak 29
Nafarroako Hezkuntza Departamenduak Lanbide Heziketako 2021-2022rako eskaintza aurkeztu zuen pasa den astean. Carlos Gimeno kontseilariak eta Tomas Rodriguez Lanbide heziketako zuzendariak egin zuten agerraldian, 5.525 ikasle berriek aukeran izango dituzten 139 titulazioak aurkeztu ziren; horien artean, 24 ziklo berri. Hizkuntz Eskubideen Behatokian, baina, eskaintza berria ikustearekin batera kezka sortu da, eta horrela salatu nahi izan du Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak: «Eskaintza berrietan euskararen presentzia urria eta zokoratua salatu nahi dugu». Gaur egun, guztira 137 heziketa ziklo daude, eta horietatik 16 soilik dira euskaraz.
Euskarazko eskaintza gehiena legeak ezarritako eremu euskaldunean kokatuta egoteaz gain, agerikoa da etorkizuneko eskaintzan ere gaztelania dela nagusi. Eta ez hori bakarrik, ziklo berriek ere Lanbide Heziketako euskararen presentzia lausotzen baitute ingelesa eta euskara uztartzen dituzten proiektuekin. Gaubekaren hitzetan, «ziklo berri batzuetan ingelesa-euskara ereduak ezarriko dira, irakasgai batzuk ingelesez izango direlarik».
Badira, halaber, kezkagarriak diren beste hainbat motibo. Esaterako, Iruñerriko zentroetan euskarazko eskaintza oso urria da, eta badirudi etorkizunean ere hala izaten jarraituko duela. Horrek eragin zuzena du hainbat herritarrengan, Gaubekak adierazi bezala, «oinarrizko hezkuntzan D ereduan ikasi duten ikasle askok ez baitute aukerarik izanen heziketa profesionalean beraien hizkuntza hautuarekin jarraitzeko».
Behatokiko gomendioak
Hizkuntz Eskubideen Behatokiko eledunaren hitzetan, «gisa honetako erabakiek Hezkuntza Departamenduak euskararen presentzia Lanbide Heziketara egokitu eta normalizatzeko betebeharrak zalantzan jartzen dituzte». Hain zuzen, Europako Gomendioak eta Nafarroako Gobernuak ezarritako plan estrategikoen helburuak lausotzen baitituzte.
Behatokiak egoera hau iraultzeko hainbat gomendio eman ditu. Hala nola, Hezkuntza eta prestakuntzaren kalitatea eta eraginkortasuna hobetzea; Ekitatea, kohesio soziala eta herritartasun aktiboa bultzatzea; Estatu espainiolak berretsitako Eurogutunan adierazten dena betetzea (Erregio edo gutxiengoen hizkuntzan irakaskuntza tekniko eta profesionala bermatzea, Irakaskuntza tekniko eta profesionalaren parte esanguratsu bat erregio edo gutxiengoen hizkuntzan egitea, Irakaskuntza tekniko eta profesionalaren esparruan, gutxiengoen hizkuntzen irakaskuntza ikasketa planen barne txertatzea.)
Hizkuntz Eskubideen Behatokiak Lanbide Heziketan ikasleen hizkuntza-eskubideak bermatu daitezen eskatzeko datozen egunetan Nafarroako Hezkuntza Departamenduarekin jarriko da harremanetan, kezka helaraziz eta Lanbide Heziketako eskaintza berri honetarako urgentziazko aldaketak proposatuz.