Baztan dantzan jarriko duen Gazte Martxaren “soinu banda” iragarri du Ernaik
BostEHun eta zutik! lelopean ospatuko du Ernaik aurtengo udaberriko ekimena. Musika doinu, hitzaldi eta tailerrez beteko dute Baztan gazte independentistek. Guztira 28 musika taldek joko dute bertan. Ekimen osorako sarrerak salgai jarri dituzte honezkero. McOnak, Willis Drummond, Tremenda Jauria, Skakeitan, Kaleko Urdangak, Liher, Rukula, La Furia, Ibil Bedi, Tribade, Iruñerria Jamaica Clash, Dupla, Skabidean eta Iheskide dira besteak beste parte hartuko duten taldeek.
2022-ko otsailak 1
Urteroko gazte independentisten topalekua da udaberriko ekimena. Eta aurten ere hala izatea espero dute Ernaiko kideek; bi urteko geldialdiaren ostean, Euskal Herriko gazteria independentistak berriz topo egiteko unea izango baita. Covid19aren ondorioz bertan behera gelditu zen 2020ko BidEHbat gazte martxa eta 2021eko apirilean zehar eredua birpentsatu eta “EH! Ez gaude inoren zain” lelopean hainbat kontzertu antolatu zituen gazte antolakundeak Hego Euskal Herriko hainbat txokotan.
Aurtengoan ekimena ohiko moduan aurrera eramatea da gazte antolakundearen asmoa. Horretarako, gazte martxa eta musika jaialdia uztartuko dituen formatua dute esku artean. Baztanen lurreratuko da egitasmoa, “BostEHun eta zutik!” lelopean. Amaiurko gazteluaren setioaren bostehungarren urteurrenari keinua eginez “zutik dagoen herria eta zutik dagoen gazteria” badela aldarrikatuko dute. Efemeridea aitzaki hartuta, aurrera begira jarri nahi du antolakundeak: “Euskal Errepublika sozialista, feminista eta euskalduna eraikitzeko gazteriaren grina eta bultzada” irudikatu nahi dute ekimenean. “Bestelako Euskal Herria posible delako: feminista, justua, ekologista… Eta gazteok eguneroko lanean ari garelako bide hori eraikitzen; herriz herri, auzoz auzo, gazte asanbladetan, neska* gazte taldeetan, ikasgeletan, bertso eskoletan, osasungintzaren aldeko plataformetan…”, esan du Ernaik.
Apirilaren 14an Zugarramurditik abiatuko da gazte martxa eta Erratzun egingo dute geldialdia. Hurrengo egunean Erratzutik Elizondora iritsiko dira eta bertan ekingo diote egitarau politiko eta musikalari. Hitzaldiek, tailerrek eta aisialdi eskaintzak osatuko dute egitarau zabala. Apirilaren 17an, Aberri Egunean, amaituko da egitasmoa.
Alta, ostiral eta larunbatean musika eskaintzak hartuko du erdigunea, musika jaialdi oparo bat antolatuko baitute. Gaur eman dute musika taldeen izenen berri. Streetwise, Nikotina, McOnak, Perlata, Willis Drummond, Crim, Tremenda Jauria, Skakeitan, Xiberoots, Kaleko Urdangak, Liher, Rukula, La Furia, Yare Collective, Aiaraldeko Sound System, Ibil Bedi, Sua, Tribade, Iruñerria Jamaica Clash, Pleura, Marta & Herbass, Romea, Silitia, Dupla, DJ Reimy, XSakara, Skabidean eta Iheskide musika taldeek hartuko dute ekimenean.
Ekimen osorako sarrerak salgai daude jada, prezio berezian. Momentuz, 35 euroren truke eskuratu ahal izango dira bibe.me plataforman zein hainbat salmenta-puntutan (Gasteizeko Garraxi tabernan, Donostiako Herria tabernan, Bilboko Errondabide eta Kirruli tabernetan, Iruñeko Herriko, Aitzina eta Monton tabernetan, Erratzuko Zubi Punta osatuan eta Elizondoko Intza ostatuan). Egitarau politikoa zabaltzearekin batera jarriko dituzte eguneko sarrerak eskuragarri.