Barañaingo Herrigunea lokala arriskuan dagoela ohartarazi dute herriko kolektiboek

Plazaberri, Jai Batzorde, Hagin eta Plataforma Social kolektiboek komunikatu batean adierazi dute Udaletxeak eguneko zentro bat kokatu nahi duela gaur egun Herriguneak okupatzen duen tokian. Irtenbide adostu bat eskatzen dute.

2020-ko abenduak 23

Azken asteotan ahoz-aho zabaldu den zurrumurruak, sekretua omen zena agerian utzi duenak, halaxe dio, Udaletxeak bake-epaitegiaren ondoan dagoen Herrigunea izeneko lokala erabili nahi duela eguneko zentro bat egiteko. Lokal hori behin jaso genuen kolekiboak, Plazaberri, Jai Batzorde, Hagin eta Plataforma Social, harremanetan jarri gara hainbat arduradun politikorekin, bi helburu nagusi baitugu, bata, lokalean egiten dugun lana eta aurrera eramaten ditugun proiektuak guhaurrek azal diezazkiegun, eta bestea, etorkizunean agertu ahalko diren egoera ezberdinen aurrean, alternatiba posibleak aztertzeko. Bestalde, informazioa Udaletxeak berak eman ziezagun gustatuko litzaiguke, orain arte gertaeren berri eman digutenak komunikabideak eta udalbatzarreko parte-hartzeak izan dira eta.

Herriguneko kolektibook uste dugu Barañainek kudeaketa publikoa izango lukeen eguneko zentru bat edukitzea garrantzitsua dela, hau herriak aspalditik egin duen eskaera historikoa delako, eta zerbitzu sozialek duten hutsune bat beteko lukeelako. Hala ere, iritzi dugu Udaletxeak bere esku dituen lokal guztien artean beste bat bilatzea aukeratzat har zitekeela, eta baita ez litzateke presazko erabakirik hartu beharko, gure lokalak ez baititu zerbitzu egoki bat eskaintzeko baldintza hoberenak betetzen, eta gainera gai hau lantzen duten herriko beste hainbat elkarteri parte-hartzeko abagunea zabaldu ahalko litzaiekelako.

Dena dela, hautatuko litzatekeen lokala guk orain kudeatzen dugun hura izango balitz, auzoaren alde egiten dugun lanak jarraitu ahal izateko modua aurkitzeko elkarrizketari ekin beharko genioke, adibidez guri beste lokal bat eskainiz, Udaletxeak orain duguna 5 urterako eman baitzigun 2018 hasieran. Karibu bezalako proiektuak goraipatu nahi ditugu, une honetan abian dena, egoera zailetan dauden familiei eskola-laguntza ematen dien proiektua, eta eragin handia izaten ari dena.

Gehiago