Bankuen erreskatearen ondorioak herritarrek pairatzen dituztela salatu dute

Duela 5 urte Espainiako Gobernuak aurrera eraman zuen bakuen erreskatea salatu du gaur Iruñea Parlamentu Sozialak. 60.718 milioi euro suposatu du erreskate horrek, eta Zorraren Auditoretza Herritarra exijitu dute "balio ez duen eta zilegia ez den zorra" ez ordaintzeko.

2017-ko ekainak 9

Bankuak duela 5 urte erreskatatu zituzten. Gaur egun, politika neoliberalak direla medio, Nafarroak 3.460 milioi euroko zor publikoa duela salatu du Parlamento Sozialak Iruñean egin duen kalejira batean.

Nafarroako aurrekontuetatik aurten 387,2 milioi euro bideratuko dira zorra ordaintzera, hau da, aurrekontuaren 10 eurotik 1, egunean milioi bat euro baino gehiago. Krisia baino lehen, 2007an, Nafarroako zorra 645 milioi eurokoa zen, 5 aldiz txikiagoa.

“Askotan aipatzen da zorraren handitze izugarri hau jende normalaren errua izan dela, geure aukeren gainetik bizi izan garela eta politika sozialek defizita sortzen dutela, alegia. Hau gezur borobila da”, esan dute manifestariek.

Orduan, zergatik hazi da horrenbeste zorra? Azaldu dutenaren arabera, alde batetik, bankuen “negozioa delako” eta etengabeko hazkunde eredua “zorraren hazkundean eta euren onuretan oinarritzen delako”. Bestetik, interesak erabat hazten doazelako.

Hau da hain zuzen Comptos Ganberak Nafarroaren zorraren hazkundea azaltzeko ematen dituen arrazoietako bat, aurreko zorren berfinantziazioa. “Beste arrazoiak fiskalitate eskasa, eta injustoa, eta AHTa eta gainerako obra erraldoiak dira”, gogoratu dute.

5 urte betetzen dituen bankuen erreskateak 60.718 milioi euro kostatu zaio Espainiar Estatuari. “Zilegi ez den zorra ordainarazten digute, jasaten ditugun murrizketa eta erreforma guztiez gain.
Ez dugu elite ekonomikoaren onurak handitzeko besterik balio ez duen eta zilegia ez den zorra ordaindu nahi, beharrezkoa da Zorraren Auditoretza Herritarra”.

Gehiago