Babes zabala euskal preso eta iheslariei Bilboko kaleetan
Amnistiaren norabidean, preso eta iheslariak etxera lelopean, Casillatik udaletxerako bidea egin dute. Prozesu independentista bultzatzera deitu dute presoek.
2016-ko apirilak 17
Euskal presoak etxera eta hemen gaude presoen alde oihu nahiz bertaratutakoen txalo artean abiatu da Bilbon manifestazioa, Amnistiaren norabidean, preso eta iheslariak etxera lelopean. Ikurrinek manifestazio burua koloreztatuta, milaka izan dira Bizkaiko hiriburuan batu direnak.
Preso Politikoen Nazioarteko Eguna da gaur, eta preso ohiek antolatu dute martxa. Horietako asko joan dira Bilbora; besteak beste, manifestazio buruan joan dira Itziar Aizpurua, Antton Lopez Kubati eta Juan Mari Olano; bertan izan da Arnaldo Otegi preso ohi eta Sortuko idazkari nagusia ere. Horrez gain, EH Bilduko legebiltzarkide nahiz LAB sindikatuko ordezkari ugari joan dira mobilizaziora.
Bidean, presoez gain, gogoan izan dituzte deportatuak ere. Gainera, presente izan dira mirentxin furgonetak ere, maiatzaren 7rako prestatutako ekimena gogoraraziz.
Preso ugariren gutunak irakurri dituzte martxa amaieran.”Zapalkuntza orori aurre” egitera eta prozesu independentista bultzatzera deitu dute: “Betidanik egin duen bezala ekarpena egingo dio EPPK-k independentzia prozesu eraldatzaileari”.
Amaierako ekitaldian, EPPK-k aipatutako irizpideak gogorarazi ditu Olanok: “Batasuna, elkartasuna eta herriarenganko lotura. Kalean ere balio dute”.
“Euskal jendartearen engaiamendua indarberritu behar dugu, eta estatuek ezarritako blokeoari aurre egin, premia biziz”. 1.650 preso eta iheslari ohi baino gehiago batu ditu Amnistiaren norabidean, preso eta iheslariak etxera manifestuak. Ez dute ezkutatu beren kide izandakoengatik duten kezka, gauzak mugitzen hasteko premia.
Bi norabidetan bota dute mezua: batetik, babesa azaldu diote Euskal Preso Politikoen Kolektiboari, eta, bestetik, herritarrei eta eragileei eskatu diete preso eta iheslarien etxeratze bidea bultza dezatela. “Gehiengo sozial zabalak eraginkortu beharko du irekitako jokaleku berria, ustel ez dadin”.