Babes haundia lortu du Gure Esku Dagok Nafarroako iparraldean eginen duen herri galdeketarako

Mendialdeko Gure Esku Dago elkarteak bi hilabetetan 1.423 sinadura bildu ditu eskualde honetan herri galdeketa egiteko.

2017-ko martxoak 8

Joan den abenduaren 17an ekin zion elkarteak herriz herriko sinadura bilketari. Herri-galdeketak ezinbestekoa zuen 16 urtetik gorako biztanleen %10aren babesa lortzea Leitza eta Lekunberrin eta %15 gainontzeko udalerrietan. Elkarteak bi hilabete hauetan helburua bikoiztea lortu du eta ekainaren 18an Goizuetan, Aranon, Areson, Leitzan, Larraunen, Lekunberrin, Araitzen eta Betelun euren etorkizuna erabakiko dute.

Elkarteko kideak pozik agertu dira lortutako emaitzarekin, besteak beste “jatorri, ideologia eta adin ezberdineko jendearengana iristea eta parte hartzea lortu” dutelako. “Kontziente gara oraindik ere herritar gehiagorengana iritsi behar garela, baina emaitza honek ilusioa eta animoa areagotu du kideen artean”, adierazi dute ohar batean.

Martxoan ekimen ugari antolatu dituzte

Bestalde, martxoan hainbat ekintza antolatu ditu elkarteak. Martxoak 18, Aranon, hitzaldia eskainiko du Lierni Olmedok, Gure Esku Dago ekimeneko bozeramaileak, eta egu berean Leitzan bertso afaria izanen da Sebastian Lizaso eta Maialen Lujanbiorekin. Martxoaren 26an, Betelun, mendi martxa bat eginen dute, eta egunean zehar ekimen ezberdinak izanen dira herrian.

Gehiago