#AZTNUGAL Torturaren itzalpean, epaiketa berri bat
Nafarroako 5 gazte zortzi urteko espetxe zigor eskariei aurre egin beharko diete Auzitegi Nazionalean apirilean burutuko den epaiketa batean. Tortura basatiak jasan zituztela salatu zuten.
2015-ko azaroak 27
Jon Patxi Arratibel, Iñigo Gonzalez, Gorka Mayo, Iker Moreno eta Gorka Zabala nafarrak epaituko ditu Auzitegi Nazionalak 4/2014 sumarioagatik.
2011. urteko urtarrilaren 18an Fernando Grande Marlaskaren aginduz atxilotuak izan ziren. Inkomunikaturik, Guardia Zibilaren ziegetan torturak jasan zituztela salatu zuten epailea kartzelara bidali aurretik.
Fiskalak 8na urteko espetxe zigorra eskatu du haien aurka. Epaiketa 2016. urteko apirilaren 14an hasiko da, eta erakunde armatuko kide izatea egotzi zaie guztiei.
“Gure aurka egiten dituzten salaketen zentzugabekeriak aurrera darrai”, salatu dute auziperatuek. Auzitegi Nazionalak bi ebaspenei “muzin eginez” jarraitzen duela ere salatu dute. Alde batetik, Giza Eskubideen Estrasburgoko Auzitegiak Jon Patxi Arratibel-en tortura salaketa ez ikertzeagatik Estatu espainiarrari ezarritako kondena eta Europako Kontseiluaren menpe dagoen CPTk 2011. urtean egin zuen informean euren adierazpenei sinisgarritasuna emanda (12 eta 14. puntuak). “Ikaragarria da XXI. mendean, Estatu espainiarrean, tortura salaketen aurrean beste alde batera begiratzen jarraitzea”, azpimarratu dute. “Honek guztiak, Estatu espainiarra, giza eskubideen urraketa iraunkor eta sistematikoak burutzen diren munduko edozein herrialderekin parekatzen du”.
Agerraldi honetan AZTNUGAL kanpaina aurkeztu dute. AZTNUGAL hitza (LAGUNTZA alderantziz idatzita), Jon Patxi Arratibelek bere polizia deklarazioa izenpetzeko erabilitako sinadura da. Laguntza eskatzeko aurkitu zuen modua, hain zuzen ere. “Pairatzen ari zuen egoera lazgarria agerian utzi eta bera zein hirugarren pertsona batzuk inkulpatzeko baliatu nahi zen deklarazioa bera bertan geratzeko saiakera izan zen.
Hitz hau erabili nahi izan dugu gure salaketa kanpainaren ikur gisa. Bi aldagairen inguruan laguntza eskatzeko erabili nahi dugu: torturarekin amaitzeko laguntza eta gatazka politikoarekin amaitzeko laguntza”, adierazi dute.
Informazio gehiago eta kanpainaren nondik norakoak zabaltzeko webgune bat jarri dute martxan: www.aztnugal.org
“Auzitegi Nazionalari eta Estatu espainiarrari sorgin ehiza hau eten dezaten exijitzen diegu. Oroimenaren aldarriak zein gertatutakoaren errelatoak garrantzi berezia duen garaiotan, Nafarroako herritarrak gure ideologiagatik ajustiziatuak izaten jarraitzen dugu. Hau guztia errelato kolektiboaren parte da ere, Estatu espainiarrak egindako izugarrikerien errelatoa hain zuzen ere”, esan dute.