Azken etxegabetzetan oinarrizko eskubideak urratu direla salatu dute Iruñean

Iruñerriko hainbat kolektibo antirrazista eta etxebizitzaren aldeko mugimendukoek agerraldi bat egin dute aurreko asteetan izandako etxegabetzeak eta "abusu-praktikak eta praktika irregularrak" salatzeko. Instituzioei eskaera bat luzatu diete: betearaz ditzatela prozedura legalak eta errespeta ditzatela kaltetutako pertsonen berme guztiak.

2025-ko ekainak 25

Kolektibo hauen iritziz, “askotariko abusu-praktikak eta praktika irregularrak” izan dira eman diren etxegabetze batzuetan. “Poliziak etxegabetzeak gauzatzea agindu judizialik gabe; adingabeak dituzten familiak etxegabetzea etxebizitza-alternatiba egonkorrik ziurtatu gabe; instituzioak arazoa ezkutatzen saiatzea, beren gain erantzukizunik ez hartzeko; difamazioak etxegabetze arriskuan dauden pertsonen kontra, bai eta haiek antolatuta dauden kolektiboen kontra ere, haien borroka deslegitimatzeko helburuz; epaitegiek, aitzakia guztiz eztabaidagarriak erabiliz, prozedura judiziala aldi baterako atzeratzeari behin eta berriz uko egitea; edota gizarte zerbitzuetarako akonpainamenduak ukatzea”.

Gogoratu dutenez, Prozedura Zibilaren Legearen 438.6 artikuluan ezartzen da nahitaezkoa da etxegabetze guztietan kanporatze-eguna eta -ordua zehatz adieraztea, eta horretan ez du eraginik etxegabetze hori aurretiaz gauzatzen saiatu izanak. “Azken asteetako bi etxegabetze horietan, demandatuei ez zaie kanporatze-egunaren eta -orduaren berri eman, eta etxegabetzea jakinarazpenik gabe egin da apropos, herritarren erantzuna saihesteko helburuz. Jarduteko modu horrek baliogabetu egiten ditu etxegabetzeen kontra bide judizial estuetatik harago borrokatzeko aukerak”, salatu dute.

Hau “oso aurrekari arriskutsua” dela azpimarratu dute, eta salatu dute esku-hartze horietan “elkarlanean aritu direla epaitegiak, polizia eta udal instituzioak”.

Bestalde, salatu dute Iruñeko Gizarte Zerbitzuetan aplikatzen ari diren «barne-irizpide» baten bidez “mugatzen edo ukatzen ari direla zenbait kolektibok akonpainamendua egitea hala nahi duten pertsonei, instituzioekin dituzten harremanetan laguntzeko”.

Aipatutako gertakarietan erantzukizuna duten instantzia guztiei exijitu diete “betearaz ditzatela era horretako prozedurek kaltetutako pertsonen berme guztiak” eta berma daitezela “antolakuntzarako eskubidea eta akonpainamendurako eskubidea pertsonek instituzioekin dituzten harremanetan”.

Gehiago