Azaroaren 30eko Greba Feministari begira indarrak bildu dituzte Euskal Herriko Neska Gazteek

Euskal Herriko Neska* Gazteek Usurbilen antolatutako Baterajotzean azaroaren 30eko greba feminista orokorrerako arrazoiak izan dituzte hizpide. Zaintza arloan eman beharreko aldaketaz hausnartu dute 3 egunetan zehar.

2023-ko urriak 15

Feministen egutegietan badago egun bat gorriz borobilduta: azaroaren 30a. Izan ere, mugimendu feministak greba feminista orokorrera deitu ditu egun horretarako Hego Euskal Herriko herritarrak. Atzo, Euskal Herriko Neska* Gazteek antolatutako Baterajotzean, gai hori izan zuten hizpide, Usurbilen (Gipuzkoa). Hain zuzen ere, grebara jotzeko arrazoiak izan zituzten mintzagai Gu ere greba feminista orokorrera! mahai inguruan, eta egungo zaintza sistemaren ajeak plazaratu eta hura ez erreproduzitzeko beharraz aritu ziren.

Mariana Urcuyo Etxekotu Gabeko Emakume Langileak taldeko eta LAB sindikatuko kidea, Euskal Herriko Bilgune Feministako Elene Lopetegi eta Euskal Herriko Neska* Gazteak sareko Maider Barañanok hartu zuten hitza mahai inguru horretan. Azaroaren 30eko greba orokor feminista ezinbestekotzat dute hirurek. Urcuyok, esaterako, argi du greba beti izan dela borrokarako erreminta bat, baina, aldi berean, gogorarazi du zenbait zaintzailek ez dutela izango lanuztea egiterik: «Enplegatzaile batzuek esaten digute: ‘Ez baduzue paperik, ez duzue eskubiderik’».

Barañanok feminista gazteak deitu ditu grebara eta hura antolatzera: «Zaintza sistema publiko eta komunitario bat eskatzera goaz grebara, denon bizitzei arreta berezia jarri ahal izateko, baina benetan denon bizitzei, badakigulako batzuen bizitzak jadanik badaudela arretagunean. Eta guk ez dugu zainduko gure aurka antolatzen den sistema bat; ez dugu sistema hori erreproduzitzen jarraituko; baldintza prekarioetan, ordutegirik gabe eta batzuetan soldatarik gabe egiten diren zaintza lanak ez ditugu egin nahi».

Sistema berrasmatzeaz
Izan ere, hiru parte hartzaileen irudiko, badago zer aldatua. Gaur egungo zaintza sistemaren argazkia egin dute. Lopetegik bata bestearen atzetik zerrendatu ditu haren ezaugarriak: «Zaintza sistema guztiz merkantilizatua, pribatizatua, arrazializatua, prekarizatua… dago. Gainera, zaintza lanek ez dute inolako baliorik, ez daude errekonozituta». Halaber, gogorarazi du zaintza lanak enpleguarekin lotu ohi direla, baina «zaintza lan asko» ez direla enpleguaren barruan sartzen.

Gertutik bizi du egoera Urcuyok. Batez ere, etxeko langileek bizi dutenaz aritu da. Haren esanetan, sektorearen egoeraz hitz egiterako, garrantzitsua da zehaztea nor ari den zaintzen, nola dauden, non ari diren zaintzen… Nork zaintzen du, bada? «Askotan historia jakin bat duten emakumeak dira; motxila askodun emakumeak; bizitasun handia dutenak, baina baita prekaritate handia ere». Eta noiz? «Normalean, etxeko lana eta zaintzakoa ez da amaitzen; nire kide asko astelehenetik astelehenera daude etxeetan. Bi modalitate daude lanerako: egoiliarra izatea edo ez izatea. Antzekoa da, eta antzeko emaitzak ematen ditu: Kasu bakan batzuetan baino ez zaizkie errespetatzen beren eskubideak».

Horiek horrela, askotan «egoera muturrekoa» dela salatu du Urcuyok. Gehiago xehatu du haien egunerokoa. Kontziliaziorako eskubiderik ez izatea gaitzetsi du, eta soldata prekarioen truke ari izatea lanean. Gainera, azaldu du nola zenbait etxetan dutxatzea ukatu edo gutxiago jatea eskatzen dieten.

Emakume arrazializatuak eta migratuak ez ezik, gazteak ere zeharkatzen dituzte zaintza lanek. Barañanok esplikatu duenez, batetik, soldatapeko lana dago; alegia, emakume gazteek zaintzen dituzte haurrak, eskola partikularrak ematen dituzte… Ez bereziki baldintza onetan. Bestetik, enpleguz kanpoko zaintzez ere arduratzen dira: familiakoak, lagunartekoak, militantzia espazioetakoak… Zehaztu du: «Zaintza lanek denok zeharkatzen gaituztela esateak ez du esan nahi denok berdin zeharkatzen gaituztela. Kontrakoa da: Sistema kapitalista heteropatriarkal eta kolonial batean, horren testuinguruan antolatzen dira zaintzak, eta, beraz, horri erantzunez. Horrek subjektu bakoitza jartzen du zaintza lanak egiteko eta zaintza lan horiek jasotzeko toki konkretu batean». Beste modu batera esanda: oro har emakumeek egin behar izaten dituztela zaintza lanak. Eta gizonak? «Gizonek, bitartean, ikasteko, formatzeko, irakurtzeko, kontaktuak egiteko… denbora daukate. Hau da: Zaintza lanak egiteak boterea kentzen du, eta zaintza lanik ez egiteak boterea ematen du».

Grebari buruzko mahai ingurua, ordea, ez zen izan eguneko ekintza bakarra. Goizean goiz subjektuaren inguruan eztabaidatu zuten, eta, ostean, tailerrak eta hitzaldiak izan zituzten. Arratsaldean, gainera, manifestazioa egin zuten ehunka lagunek, eta kontzertuak izan zituzten eguna amaitzeko. Gaur igandean bukatu da Baterajotzea. 10:00etan hasita, desmuntatzen jardun dute, eta, segidan, besteak beste, emakume artisauen azoka izan da. Bazkaldu ondoren, azken ekitaldia egin dute, eta ondorioak jakinaraziko dituzte.

Gehiago