AZ ekimena Maravillas Gaztetxearen aurkako epaiketaren aurrean

Heldu den ostegunean Maravillas Gaztetxearen hustuketaren ondorioz egingo den epaiketaren harira, honako hau adierazi nahi du AZ Ekimenak:

2019-ko maiatzak 8

Beste behin ere, prozesu honetan zehar defendatu ditugun bi puntu nagusietan berretsi nahi dugu, puntu horiek Alde Zaharreko auzo eragileek eta auzo asanblada ezberdinek behin eta berriro babestuak izan diren heinean. Hauexek dira bi ildo horiek:
1- Alde Zaharrak gaztetxea behar du.
Gure auzoko gazteek ez dute erreferentziazko gune propiorik, eta espekulazio prozesuak gazteak auzotik kaleratzen ari dira. Gaztetxe bat lortzea, beraz, Alde Zaharreko auzo mugimenduaren lehentasun estrategikoa izan da eta da. Hau da prozesu osoan zehar mantendu dugun jarrera, eta horretan jarraitzen dugu lanean Maravillas Gaztetxearen hustuketaren ondotik ere.

2- Azken hilabetetan izandako zailtasun eta tentsio guztien gainetik, AZ Ekimenak lanean darrai uneoro eremu eta eragile guztiekin, Alde Zaharreko gazteriarentzako irekia egongo den gaztetxe iraunkor eta egonkor bat eskuratzeko bidean elkarrizketaren aldeko apustua eginez.
Aurrera egiteko unea da, lasaitasunetik hitz egin eta akordioetara iristeko unea. Ez da inora eramaten ez duten bide errepresiboekin jarraitzeko unea. Horregatik, AZ Ekimenean uste dugu epaiketa honek ez duela inolako ekarpenik egiten, eta beraz, salaketan atzera egin eta epaiketa bertan behera uztea exijitzen dugu.

AZ Ekimena Alde Zaharrean elkarlanean lan egiten duten egitasmo, eragile eta pertsonak biltzen dituen plataforma da.

Gehiago