Axier Lopez Parlamentuan: “Makurrena da ‘Mozal legeak’ jendearen artean uzten duen beldurra”
Axier Lopez Argia-ko kazetaria goizean Nafarroako Parlamentuan izan da bere kasuaren berri ematera eta Mozal Legea-ren aurkako eztabaida planteatzera. "Lege honi desobedientziaz erantzutea zilegia dela esateko aprobetxatu dugu, eta gure pozarako alderdi guztiek begi onez ikusi dute".
2016-ko maiatzak 4
Joxerra Senar (Berria)
Mozal legea baliatuta, Euskal Herrian zigortutako lehen kazetaria izan zen Axier Lopez, baina gaurko agerraldian argi utzi nahi izan du ez dela bere arazoa soilik, hedabide, kazetari eta herritar guztiena baizik. “Makurrena da, isunak isun, jendearen artean uzten duen beldurra, eta begien aurrean duenari buruz berri eman dezakeen edo ez bi aldiz pentsatu ez dezan, beldur horri erantzuteko egin daitekeen gauzarik onena da erantzun kolektiboa ematea”.
Naroa Ariznabarretaren atxiloketaren berri eman eta hilabetera jaso zuen isuna Argia-k. Espainiako Gobernuaren Gipuzkoako ordezkariak sinatu zuen isuna. “Gipuzkoan %5eko ordezkaritza duen alderdi bateko politikari batek jarri zigun isuna, ez dakit non geratzen den botere banaketa”. Lopezek aipatu du egun argiz poliziek egindako operazio baten berri ematea ez dela inongo delitu. “Ezin gara errudun bihurtu poliziek aurpegirik estaltzen ez dutelako”. Hartara, interneten bost minutuko bilaketa azkar batean antzeko operazioetako argazkien adibideak izendatu ditu. Kasuok ez zuten isunik jaso, eta horietako batzuk nazioarteko albiste agentzien argazkiak ziren.
Dena den, Lopezen ustez, ez da kasualitatea “inongo enpresekin loturarik ez duen eta kazetaritza konprometitua egiten saiatzen den hedabide independente bat” izatea isuna jasotzen duena lehena. “Izango ote ginen lehenak bestelako kazetaritza egingo bagenu?”.
Lopezek gogora ekarri du urtarrilera bitarte Hego Euskal Herrian 719 isun ezarri direla Mozal legea baliatuta eta Espainian 50.000. Kazetariak gaitzetsi du legeak polizien eta politikarien eskuetan uzten duela legearen interpretazioa eta ezarpena. Gogoratu du aurkakotasun handia izan duela legeak eta poliziek sindikatuek eurek ere kritikatu izan dutela poliziek ez dutelako formakuntzarik hori egiteko. Askotan legearen aplikazioa mehatxu gisa erabiltzen dute poliziek, Lopezen esanetan.
Agerraldian ez dira izan UPN eta PPko parlamentariak. Bere kasuak sona handia izan du Euskal Herrian eta nazioartean eta argi utzi dun erantzun politikoa eman behar dela. Izan ere, nahiz eta PP bakarrik geratu legearen defentsan, ezartzen jarraitzen du. Horregatik, Axier Lopezek han ziren taldeei proposatu die legea ez betetzeko konpromisoa hartzea, haren aurkako jarrera publikoa adieraztea eta zigortuei babesa adieraztea.